Merkatu plazako aro berriari hasiera eman dio Lekeitiok
Goizean goiz hasi ziren ospakizunak talo ikastaroarekin. Hogei lagun inguruk taloa egiten ikasi zuten giro bikainean. Ondoren etorri ziren Xabat Galletebeitiaren bertsoak eta Maitane Larrauri Fraile alkatearen hitzak.
Merkatu Plazak izan duen gainbehera azpimarratu zuen alkateak, eta horregaitik 2012tik Garapen Agentziarekin batera Merkatu Plazaren diagnostikoa egin eta aurrera begirako lerro estrategikoak finkatu direla aipatu zuen. “Merkatu Plaza herritarren topaleku izatea nahi du udalak eta horregaitik goiko solairua zabalik dago herritarrentzat”. Azken finean, Lekeition hain beharrezkoa den aterpe bat eskaintzeagaz batera, merkatu plazarekiko hurbiltasuna eta etortzeko ohitura sustatu nahi dela esan zuen alkateak.
Bestalde, kontsumo ereduen hausnarketa ere egin beharreko kontua dela aipatu zuen Maitane Larraurik. “Merkatu Plazan hainbeste eta hainbeste kilometro bidaiatu ez daben kalitatezko produktuak aurkitzen ditugu. Gehiegizko plastiko, paper barik eta konfiantzazko pertsonen eskutik elikagaiak eskuratzeko aukera zoragarria da Merkatu plaza”, nabarmendu zuen alkateak.
Merkatu ordenantza berria eta dinamizazioaMerkatu Plaza egokitu eta herritarrei zabaltzeagaz gain, egituratu ere egin nahi du udalak. Horretarako, “garai berrietara egokituta egongo den” udal-merkatu ordenantza berri bat aurkeztuko dute hurrengo osoko bilkuran. “Honen bitartez plazaren funtzionamendua gaur eguneratzeaz gain, postu bat lortzeko erraztasunak eskaini nahi dira”, azaldu zuen. Izan ere, sei dira hutsik dauden salmenta guneak. Hala ere, udala interesa duten merkatari berriekin harremanetan dago eta jada lehen interesatuak agertu direla aurreratu dute. Postuaren tamainaren arabera, lehen solairuan denda jartzeak 44,90 eurotatik 89,92 eurotara balio duela jakitera eman du udalak. Ekoizleentzat aldiz, goiko pisuan mahai erdia hartzeak 0,95 euro balio ditu egunean eta 5,70 euro hilabetean.
Dinamizazioa izango da orain merkatu plazari bizia emateko egin beharreko funtsezko lana. Urte honetarako beste bi ekintza gastronomiko antolatu nahi ditu udalak, baina ekintza gastronomikoaz gain, erabilera herritarrei zabaldu die, aterpe gisa erabiltzeko zein ekimen ezberdinak antolatzeko. Hurrengo hitzordua aste honetan bertan izango da, Euskal Herriko Mus Txapelketagaz. 296 mus jokalarik beteko dute Lekeitioko Markatu Plaza.