Grezian jokatu behar zen munduko kopako proba bertan behera geratu ostean, asteburuan Munduko mendi eski kopako hirugarren proba puntuagarria jokatu da Italian. Mendi eskiko elitean dabiltzan eskiatzaileak Italia iparraldeko Val Martello-n jokatu den Marmotta Trophy-n batu dira.
Mundu hamabi herrialdetako 100 partehartzailetik gora batu dira hirugarren proba puntuagarrian, tartean, Nahia Quincoces Altuna mendexarra.
Eskiatzaile mendexarrak nabarmendu duenez, gainera, proban parte hartzeko zailtasun bat edo beste izan ditu. “Bidaian eskiak galduta ibili ziren, eta hori dela eta, nahi baino beranduago heldu ginen Val Martello-ra. Bilbo, Bartzelona eta Venezia arteko hegaldietako batean IƱigo Martinez de Albornozen eta nire eskiak galdu egin ziren, eta materiala heldu bitartean eguenean Venezian geratu behar izan ginen lota”.
Materiala bariku goizean jaso zuten, baina berandu heldu ziren Val Martello-ra. “Iluntzean ailegatu ginen proba egiten zen tokira, eta horrenbestez, ezin izan genuen lasterketaren ibilbidea aurretik ikusi”.
Guztira bi proba jokatu dira asteburuan, bakarkako proba eta abiadurakoa. Zapatuan [otsailak 28] bakarkako proba jokatu zen. Lau igoera eta hiru jaitsiera zituen 10,50 kilometro inguruko ibilbidea osatu behar izan zuten emakumeek. Lasterketako bi zati, gainera, eskiak motxilan sartu eta oinez egin behar izan zituzten partehartzaileek. Guztira 1.280 metroko desnibela gainditu behar izan zuten emakumeek, gizonezkoek baino zertxobait gutxiago. “Sekulako toki politetatik ibili gara. Geratu eta inguruei begira geratzeko gogoa ematen zuen”, azaldu zuen eskiatzaileak.
Quincocesek 13. postuan amaitu zuen proba; ordubete, 53 minutu eta 15 segundo behar izan zituen lasterketa burutzeko. Pozik, baina “gehiago egin ahal zuenaren” sentsazioagaz agertu zen eskiatzaile mendexarra proba amaitu eta gero. “Lasterketaren ibilbidean nahastu egin naiz, eta toki batean okerretako toki batetik ere ibili naiz. Eskerrak handik zebiltzan batzuek abisatu, eta buelta emateko aukera izan dudan. Denbora asko galdu dut. Okerretako bide hori hartu ez banu, ziurrenik 10. postuan amaituko nuen”.
Nahia Quincoces, Marmotta Trophyn
Domekan [martxoak 1], ostera, abiadura proba jokatu zen. Bi igoera eta jaitsiera bat izan zituen kilometro bateko lasterketa burutzeko, 4 minutu eta 22 segundo behar izan zituen eskiatzaile mendexarrak. 18. postua lortu zuen, eta marka horregaz finalerdietatik kanpo geratu zen. “Abiadura probak ez dira nire berezitasuna, pozik nago lortutako emaitzagaz”.
Azken probak jokatu eta gero, munduko kopan 15. postuan da Nahia Quincoces. Jokatu diren zazpi probetan 163 puntu lortu ditu; 63 puntu bakarkako hiru probetan, 31 puntu abiadurako bi probetan eta 69 puntu lasterketa bertikaleko bi probetan.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.