Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusia. Argazkia: LAB
Langile mugimenduaren erronkez ariko zara Lekeition emango duzun hitzaldian. Zeintzuk dira erronka horiek?
Langileak sistema honen kontra altxatzea da erronka, alternatiba eraikitzeko aukerak emango dizkigun bidea hor dagoelako. Gure bizitza zuzentzen eta hondatzen ari den elite ekonomikoari boterea kenduko badiogu, borroka asko egin behar dugu langileok. Horretarako langile mugimenduan langileak antolatzeko eta aktibatzeko bideak berritu behar ditugu, sindikalgintza eredua berrasmatu behar dugu, langilerian dauden errealitate ezberdinei borrokarako eskaintza ezberdinak eta eraginkorrak egiten ikasi behar dugu. Eta nola ez, langileriak dituen interes ezberdinak, eta batzuetan kontrajarriak, uztartu eta bateragarriak egin behar ditugu benetako batasun bat lortzeko.
Soldatak igotzeko momentua dela dio LABek, sortzen den aberastasuna egokiago banatuz. Horretarako ze bide hartu beharko litzateke, eta ze eratako igoera da proposatzen duzuena?
Bidea aberastasuna banatzea da, enpresetako irabazi guztiak ez daitezela beti enpresa jabeen poltsikora joan zuzenean. Enpresen irabaziak handitzen ari dira soldatak murriztu direlako, miseriazko soldaten truke lan egitera behartzen gaituztelako; irabazi horietatik langileongana iristen den zatia handitu behar dugu.
Nola egin daiteke?
Arduradun instituzionalek soldaten aldeko erabaki politikoak hartuz: oinarrizko soldata igoz eta minimo hori betetzen dela ziurtatzeko bitartekoak jarrita, eremu publikoko langileen soldatak hobetuz, eta eremu pribatuan patronalari soldatak hobetzea exigituz. Soldatak hobetzea lortuko dugu soldatak murrizteko hartu duten erabakia aldatzera behartzen diegulako eta horrek borroka asko eskatzen du.
Zelan antolatu behar da borroka hori, eta zeintzuk dira norabide horretan egiten dituzuen proposamen zehatzak?
Gure ustez lehentasuna eta borrokaren oinarria soldata baxuenak igotzea da. Ez diogu esango 2.000 euro irabazten duenari bere soldata defendatzeari uko egin behar diola; baina guk 500 euro kobratzen dituenaren soldata duintzeko borrokatu dezan eskatuko diogu. Eta hor indar gehiago egingo dugu.
Testuinguru sozial eta ekonomikoa azken hamarkadan etengabean aldatuz joan da. Egoera berriaren aurrean zein da sindikalgintzak hartu beharreko bidea?
LABek hartu duen bidea burujabetza prozesuaren parte izatea da, burujabetza prozesuak behar dituen proposamen sozioekonomikoak eginez, prozesuan langileak parte hartu dezaten bideak irekiz, langileen interesak prozesuan jasotzeko eta ziurtatzeko borrokatuz. Gure ustez oso garrantzitsua da langileak eta eskubide sozialen alde borrokatzen duten sektoreak burujabetza prozesuarekin bat egitea eta burujabetza prozesuak berea egitea eskubide soziolaboralen borroka.
Euskal Herriko eskubide sozialen kartak mobilizazioak iragarri ditu datorren martxoaren 14rako Bilbon eta Iruñean Aldaketa soziala orain! lelopean. Egungo egoera sozioekonomikoa gainditzeko zer proposatzen duzue?
Euskal Herriko Karta Sozialarekin, gaurko egoerari buelta emateko hamasei neurri zehaztu ditugu, eta guztiok bat egin dugu burujabetzaren premian. Egoera soziala aldatzeko erabakitzeko eskubidea behar dugula aldarrikatu dugu. Eta bertan batu gara eragile abertzaleak eta ez abertzaleak, herri mailako eragileak eta nazio mailako egiturak. Karta da hartu behar dugun bidearen adarretako bat.
Baina, zein da bide hori?
Boterea herriak berreskuratzea. Botere politikoak herriari hitza eman beharrean Troika bezalako botere guneei eman dio gure bizitzaren gainean erabakitzeko ahalmena. Hori aldatzen ez dugun bitartean jai dugu. Ez diote boterea herriari itzuliko, guk berreskuratu behar dugu. Hori da burujabetza prozesua hain zuzen ere: boterea berreskuratzea herri bezala, nazional eta sozial mailan. Karta sozialak borroka horren protagonistetako bat izan behar du. Mugimendu sozial eta sindikal berritu bat artikulatzeko akordio zabala da, gaurko boterearen kontra egin eta eraiki nahi dugun botere berrian langileriak eta sektore sozialek gure lekua edukitzeko.
Euskal Herrian akordio sendoak behar direla dio LABek lan mundua berrantolatzeko. Zeintzuk izango lirateke?
Lujuak aste honetan esan du gure proposamena «konplexua eta ulertezina» dela. Egia da konplexua dela euren ereduarekin alderatuz, eurena oso argia da, eurek agindu eta langileak bete. Sinplea eta argia bai, baina baita oso bidegabea ere. Gurea konplexua da, lan munduan interes ezberdin asko daudela pentsatzen dugulako, eta asko kontrajarriak direla dakigulako. Eredu zuzen batek interes horien arteko harremanak bideratu behar ditu, interesen arteko oreka berriak bilatu behar ditu eta beti interes berdinak nagusitzea ekiditu behar du. Adostasunak eta akordioak aldarrikatzen ditugu, eta hori konplexua da. Beti berdinek irabazteko inposaketaren bidea askoz ere sinpleagoa delako. Gure proposamena konplexua dela onartzen dut beraz. Baina ulertezina ez. Patronalak oso ongi ulertu du proposamena, eta horregatik dago kontran. Beraiek euren neurrira antolatutako lan mundua nahi dute, eta guk Euskal Herriak behar duen eta langileok merezi dugun lan mundua exijitzen dugu.
Angel Toña enplegu sailburua eskualdekoa dugu, ondarrutarra hain zuzen. Angel Toñaren inabilitazioaren kasuan bere alde atera zen LAB. Zein da auzi horren inguruan egiten duzuen analisia?
Sortutako zalaparta politikoaren ondoren orain funtsean dagoen arazoari heldu behar diogula da gure analisia: nola daiteke langileak eta enpresaren bideragarritasuna defendatzeko legea urratu behar izatea? Arazoa legea da, arazoa enpresa itxieren aurrean langileak dugun babes falta da. Toñak hori badaki, horren kontra egiteagatik zigortu dute. Zer egingo du orain enplegu sailburu bezala? Hori da kontua, orain gobernuan bertan eta gobernutik egin dezake babes falta honen kontra. Hori izango da bere politika? Orain hilabete batzuetarako inhabilitatu dute epaitegiek, langileei bizkar ematen badie enplegu sailburu bezala inhabilitazioa soziala litzateke, juridikoa baina askoz ere okerragoa nire iritziz.
Martxoak 8a gainean daukagu, oraindik lan munduan emakume eta gizonen arteko desberdintasun handiak ematen dira. Zeintzuk pausu ematen dituzue egoerak parekatzeko?
Neurri nagusia politikoa da: emakumeon lanaren balio politiko eta soziala aitortzea eta behar bezala baloratzea behingoz. Zergatik balio du gutxiago lantokia garbitzea lantokian torloiuak egitea baino? Gauzak horrela ulertzen direlako ordaintzen zaigu gutxiago emakumeei eta oinarri oinarrizkoa den aldaketa hori egiten ez bada ez dugu egoera zuzenduko. Emakumeen soldatak hobetzeko neurri asko hartu daitezke, baina kontua da hori emakumeen arazoa den, arazo kolektiboa baina pribatuz. Edo hori arazo publiko eta politikoa den. Bigarrena denez, arazoa zuzentzea gobernuen eta agintari politikoen erantzukizuna da. Emakumeok borrokatzen jarraituko dugu erabaki politikoak aldatzeko, emakumeok bigarren mailako langileak garela adierazten duen erabaki politikoa aldatzeko.