Martxoaren 6an izango da
Cabaret Chihuahua-ren estreinaldia Madrilen,
Alcala antzokian. Atzetik etorriko dira beste emanaldi guztiak. Martxoaren 7an bigarren saioa eskaini eta gero, hurrengo saioak ondoko datetan izango dira: martxoak 13, 14, 19, 20, 21, 26, 27, 28, apirilak 1, 2, 3, eta 4. Eta guztietan ez bada ere, saio askotan parte hartuko dute Iñaki Maruri eta Ugaitz Alegria ondarrutarrek eta Mitxel Santamaria gernikarrak.
Iñaki Maruri, ezkerretik lehena, eta Mitxel Santamaria aktore gernikarra, eskumatik bigarrena, ikuskizunean.
Horiek baina, hasiera bateko datak direla diote
Cabaret Chihuahua-n parte hartzen dutenek. Izan ere, data horiek gutxienez bete beharrekoak dira. “Arrakasta edukitzen badugu, apirileko asteburuetan (barikuetan eta zapatuetan) eta maiatzekoetan ere jarraituko dugu”. Beraz, gauzak ondo badoaz, maiatzaren 23ra arte luzatu daiteke
Cabaret Chihuahuaren Madrilgo abentura.
Musikala Espainiako hiriburura nola heldu den ere kontatu du Marurik. “Aurretik ere
Cabaret Chihuahua Madrilera eramateko asmoa geneukan taldeko kideok. Hori, baina, gure kabuz egin nahi genuen”. Gabonetan, Madrilgo ekoizle bat joan zen musikala ikustera eta harek ikuskizuna Madrilera eramateko proposamena egin zion taldeari. “Eta proposamen horri helduta ailegatu gara Madrilera”, gaineratu du Marurik.
Iñaki Maruri eta Ugaitz Alegria Madrilen eskainiko dituzten hasierako saioetan egongo dira, gero beste aktore euskaldun batzuek ordezkatuko dituzte, aurretiaz hitzartutako beste proiektu batzuetan parte hartu behar dute ondarrutarrek
Orain arte Bilboko Pabellon 6-en kabaret formatuan eskaini izan dute ikuskizuna. Orain, Madrilen, antzokian eskainiko dute
Cabaret Chihuahua (
Alcala antzokian). “Lehen ere, Bizkaiko zenbait herritan saioa eskaini izan dugunean, antzokietan edo antzeko aretoetan eskaini izan dugu eta ikuskizuna ondo atera izan da, funtzionatu egin du. Beraz, alde horretatik lasai gaude”.
Iñaki Maruri, pianoan.
Aktoreen artean era aldaketak egongo dira. Marurik, esaterako, ezingo du apirilean Madrilen egon, Euskal Herrian beste proiektu batzuk dituelako. “Nire pertsonaia bestse aktore euskaldun batek ordezkatuko du”. Berdina gertatzen da Alegriarekin ere. “Hasiera baten beldurra ere eman zidan beste batek nik hazitako pertsonaia egingo duela jakiteak. Baina ondo pentsatuta, askatasuna ematen dit. Beste proiektu batzuetan ere parte hartu ahal dut, eta
Cabaret Chihuahuak aurrera jarraituko du”. Argi dauka
Cabaret Chihuahuak beti edukiko duela bera aldamenean, ahal duen guztietan. Baina baita ere, argi dauka beste proiektu batzuetan ere parte hartu behar duela.
Alcala antzokian
Priscila, reina del desierto ikuskizunagaz partekatuko du kartela Cabaret Chihuahuak. “Antzerki giroko muina Madrilen dago eta guretzat oso aberasgarria izango da; erakusleiho ona izango da”, gaineratu du Marurik. “Talde osoarentzat ona izango da eta pertsonalki ere bai”.
Sarrerak salgai daude, online.
Maruri eta Ugaitz Alegria.
Txikitasunetik handitasunera. Horixe da hain zuzen ere
Cabaret Chihuahua musikalak lortu duena. Bilboko Aste Nagusirako sortu zen proiektuak harrera mundiala izan du eta Bilbon eskaini dituzten saio gehienetan “sarrerak agortuta” kartela ipini izan dute.