Boluntarioak, Amunategiren ibarrean lanean. Argazkia: Lurgaia Fundazioa.
Pinadia zegoen lekuan bertako basoa landatzen hasiko dira zapatuan, martxoak 7. Ingurumen-boluntaritzako jardunaldia izango da. Hau da, nahi duen guztiak parte hartu dezake berreskuratze lanetan.
Egitasmoa, fundazioak duen
Quercus Programaren baitan kokatzen da. Quercus Programak baso autoktonoak babestu eta berreskuratzea du helburu, eta horretarako, lursailen kudeaketa bereganatzen dute, lurrak erosiz, edo haien jabeekin lagapen-hitzarmenak sinatuz, lurraldearen zaintza deritzona, alegia.
Azken horietako bat, zaintzako hitzarmen bat, egin berri dute aurten, Etxebarrian, eta bertako basoa berreskuratzeko landatze-lanei ekingo diete zapatuan.
Beraz, jardunaldi horretan parte hartzeko gonbitea egin diete nahi duten boluntario guztiei. Horrela, zapatuan, 09:30ean Etxebarriako Galartza industrialdean elkartzeko deia egin dute. “Jardunaldia egun erdikoa izango da, eta erabili beharreko material guztia (eskularruak, lanabesak…) fundazioren kontura izango dira. Esker oneko hamaiketakotxo bat ere egingo dugu. Oso gomendagarria da oinetako egokiak eramatea, uretako nahiz mendiko botak”, azaldu dute .
Beti bezala, Quercus Programaren eta Lurraldearen Zaintzaren nondik-norakoak azalduko dituzte lehenengo, bai eta gure bertako basoen leheneratzeak berekin dakartzan hainbat kontu ere. Egitekoen artean, zeregin nagusia baina, baso mistoan bertako espezieetako zuhaitz eta zuhaixkak, jatorria zeharo bermatua dutenak, aldatzea izango da.
Aldez aurretik izena eman behar da
Lurgaia Fundazioak antolatutako jardunaldian parte hartu nahi duenak aldez aurretik izena eman behar du, ezinbestean.”Jardunaldiak hobeto planifikatu dezagun material-kontuetan”, zehaztu dute. Izena, telefonoz edo posta elektronikoz eman daiteke, barikuko 18:00 baino lehenago. Kontakturako telefono zenbakiak hauek dira: Maider (946576110 – 656703496) eta Jon (606141837). Posta elektronikoa berriz,
info@lurgaia.org.
Hitzordura azaltzeko garraiobiderik ez dutenek ere Lurgaia Fundaziora jo dezakete. “Eta garraioa antolatuko dugu autoa behar duten guztiek izan dezaten iristeko modua”.
2015ean, Abadiñon, Alonsotegin, Larruskainen, Undabason, eta Busturian ere jardunaldiak antolatuko dituzte, baso autoktonoak kontserbatzeko eta leheneratzeko Quercus Programaren barruan.