Aurreko urte bietan modura, aurten ere, Mendiz mendi emanaldiak hartuko ditu Mutrikuk. Orain arteko formatuari jarraiki, herriko lau taberna ezberdinetan batuko dira herritarrak emanaldi horiekin gozatzeko. Egun bakoitzean ordubete inguruko emanaldi bana egingo dute, eta horietan lehena eguenean (martxoak 5), izango da, Ametza tabernan.
Hain zuzen, martxoaren 5ean, 12an, 17an eta 26an ariko dira mendiari eta eskaladari buruz Mutrikun; egun horietan guztietan, 19:30ean jarri dute hitzordua. Etziko emanaldia Ametza tabernan izango bada ere, Txirlatxo, Zubixa eta Aranzubi tabernek ere hartuko dute emanaldi bana egunotan.
Mendiaren eta eskaladaren inguruko ekintzak ikustera edota horietan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte herritarrak emanaldiok antolatzen dituzten Sorginerreka eskalada taldeak eta
Burumendi mendi taldeak. Hala, mutrikuar oro ez ezik, gainontzeko herrietako herritarrak ere animatu nahi izan dituzte emanaldietara joateko; izan ere, «giro oso polita» sortzen da horietan.
Aurreko urteetako emanaldiek izan duten erantzuna positiboki baloratu du Igor Mendizabal Sorginerreka eskalada taldeko kideak, eta, bataz beste, emanaldi bakoitzean «jende dexente» bildu dela gogora ekarri du; «40 bat lagun».
Herritarrengana hurreratu
Hori horrela, aurrera begira, Mendiz mendi emanaldiak antolatzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute antolatzaileek. Hala, «jendearengana hurbiltzen» jarraituko dute, kultur etxean bildu beharrean, jendea dagoen lekuetara joanez; alegia, herriko tabernetara.
Urtean-urtean taberna ezberdinetan egin ohi dituzte emanaldiok, hartara, herriko taberna guztietara heltzekotan. Eta horietan parte hartzen duten hizlariak ere desberdinak izaten saiatzen direla azaldu du Mendizabalek; «eta pertsona bera izatekotan ere, emanaldiak ez dira berdinak izaten».
EGITARAUA
- Martxoak 5, eguena
19:30ean. Auñamenditik Himalayara Zigor Iturrieta, mendi lasterkaria, Ametza Tarbenan.
- Martxoak 12, eguena
19:30ean. Izotz, elur eta hormetan gora. Mikel Ajuria, FEM-ko alpinismo taldeko kidea, Txirlatxo tabernan.
- Martxoak 17, martitzena
19:30ean. Han eta hemen eskalatzen. Ruben Saez, Sorgin errekako eskalatzaileak egindako bulder irteerak, Zubixa tabernan.
- Martxoak 26, eguena
19:30ean. Paiju Peak-Karakorum. Juan Vallejo. Alberto Iñurrategi eta Mikel Zabalzarekin eskaladak, Aranzubi tabernan.