Nautikako eraikina konpondu du Lekeitioko Udalak
Eraikina egonkortzeko konponketa lanak egin dituzte. Eraikinaren fatxada eraberritu dute batez ere: leiho berriak jarri dituzte eraikin osoan eta kontraleihoak margotu eta garbitu dituzte. Horrez gain fatxadan margoketa lanak egin dira.
Lan hauekin, nautikako eraikinaren efizientzia energetiko egokiagoa lortu nahi du udalak. “Leihoen egoera dela eta ez baizegoen tenperatura egoki bat mantentzerik bertan”, zehaztu dute. Horretaz gain, isolamendu akustikoa ere hobetzea izan dute helburu. “Bertako erabiltzaileak kontuan izanda eta dagoen lekuan egonda, inguruko auzotarren bizigarritasuna hobetuko da modu horretan”.
Nautikako eraikinak, erabiltzaile ugari ditu gaur egun. Bertan aurkitzen da musika eskola baina baita txistulariak, Estudiantina, Txaranga, Itsasoinua, Lekeitioko Musika Banda eta Aittitta Txiki ere.
Egindako konponketa lanekin, erabiltzaile hauen egoera hobetu nahi izan dutela jakitera eman du udalak. “Kultur egitura egonkor eta indartsu bat ezartzeko pausu ezberdinak eman ditugu agintaldi honetan, eta Nautikan egindako obrak horren adibide bat gehiago dira”, aitatu dute. Eraberritze lanetarako 53.212,17 euroko aurrekontua eduki dute, eta hortik 6.123 euro Hazi EVE-tik jaso dituzte.