Feminismoak askatzen gaitu! (Uxu-Ondarroa)
Feminismoan aniztasun handia dago. Adibidez, berdintasunaren feminismoa, ezberdintasunaren feminismoa, feminismo erradikala, feminismo liberala, anarkofeminismoa, feminismo sozialista, feminismo instituzionala, ekofeminismoa, ziberfeminismoa, feminismo islamiarra,… Gai batzuetan desadostasun sakonak daude, esate baterako, prostituzioari eta pornografiari buruz kontrako jarrerak daude. Baina matxismoari aurre egiteak batzen gaitu.
Mugimendu feministari esker, emakumeon bizitza hobetu egin dela ukaezina da. Feminismoak emakumeon eskubideak aldarrikatzeaz gain, errealitatea beste era batera ikusteko aukera eman digu. Emakumeon berdintasuna eta askatasuna lortzeko bidea erakutsi digu. Gure izatea (banaka eta taldean) aztertzeko eta aldatzeko baliabideak eskaini dizkigu. Emakumea izate hutsagatik patriarkatuak inposatutako normak zalantzan jarri eta apurtzea posible dela azaldu digu. Emakumeok gure gorputzagaz eta bizitzagaz zer egin erabakitzeko eskubidea dugula adierazi digu. Aurrerapausoak emateko emakumeon antolakuntza eta borroka ezinbestekoak direla argi eta garbi utzi digu. Emakume batzuk lorpen handiak egin badituzte ere, emakumeon eskubideak mugimendu feministari esker lortu dira.
Feminismoak esfortzua eta konpromisoa eskatzen ditu. Alde batetik, norberarekiko, norberaren izatearen azterketa egitea beharrezkoa baita. Txikitatik barneratuta dugun matxismoa zalantzan jarri eta kontzientziatuz. Horrek norberaren aldaketa dakar.
Bestetik, feminismoa praktikan jartzen ez bada, alferrikakoa da. Teoria feminista praktika politikoarekin estuki dago lotuta. Ekintzaren bidez lortzen baitira feminismoaren helburuak.
Bukatzeko, feminismoa denontzat da onuragarria, ez bakarrik emakumeontzat. Izan ere, mundu hobeago bat eraiki nahi badugu, askatasunean, berdintasunean eta errespetuan oinarritu behar gara. Pertsonak izateko feminismoa ezinbestekoa da.
–Alazne Artetxe Egaña. Uxu Ondarroako emakumeen taldearen izenean.