Oihana Kortazar, Alto Sil mendiko nesketan onena
Leongo (Gaztela Leon, Espainia) Santa Cruz de Sil herrian lehiatu zuten hainbat korrikalarik atzo Alto Sil mendiko lasterketa, eta nagusitasunez gailendu zen bertako nesken artean Mutrikuko kirolaria. 32 kilometroko ibilbidea eta 1.900 metroko garaiera izan zituen aurretik Kortazarrek irteera puntuan, eta hori egiteko, 3 ordu, 24 minutu eta 19 segundoko denbora behar izan zituen.
Susana Alvarezek egin zuen bigarren, eta ibilbidea burutzeko, Kortazarrak baino 33 minutu gehiago behar izan zituen. Eva Fernandez hirugarren sailkatuak, berriz, 4:00:55eko denbora egin zuen.
Emakumezkoen denborak ez ezik, gizonezkoenak ere kontuan hartuta, 21. postua eskuratu zuen Mutrikuko korrikalariak atzoko proban.
Denboraldi bikaina egiten ari da Kortazar. Joan den martxoaren 9an ere, Arnedoko (Errioxa, Espainia) Maspormenos Trail lasterketa lehenengo postuan bukatzea lortu zuen. 27 kilometro egin zituen orduan, eta 2 ordu eta 9 minutuko denbora behar izan zuen helmugara ailegatzeko. Maite Maiorak egin zuen bigarren, eta Montserrat Vazquezek hirugarren. 2 ordu eta 11 minutuko denbora eta 2 ordu eta 22 minutuko denbora egin zuten azken horiek, hurrenez hurren.