Eneko Arrate: "Iro, iro, iro, astiro!!!"
Egun berezietan gaude. Urepeletik Bilbora izerdia isurtzen ari gara euskaraz bizi nahi dugu herrian. Korrika sortzeko ideia ederra izan zutenek nekez imajina zezaketen gaur egun daukan arrakasta. Ekimen ikusgarria, motibagarria, liluragarria eta euskalgintzaren diru kutxa zulatuak betetzeko aparta. Baina arrakastatik arrakasta ibiltzera alde txikia dago. Jendea korrika, aldarrika. Zoragarria. Baina hemen nire kritika:
Astelehenean Korrika Lea-Artibaitik pasatzean izan genuen zer gozatua, baina baita zer kritikatua ere. Abiadura bizian, oso bizian ibiltzen da une askotan Korrika. Denbora kalkuluen eraginez omen da baina Markina-Xemein eta Aulesti bitartean Lekoiz mendatean behera astelehen gauen bizi izan nuen ekimenak badu zer hobetua. Urepeleko plazeretik haserre puntu batera pasa nintzen. Ekimen herrikoia bada, herritar denontzako abiaduran joan beharko litzake, Bilbon zein Lekoizen. Motibazioz gainezka dagoen lekuko eramaileari lasaiago joateko esatea zaila da baina tristea da ekimen herrikoia une batzuetan kirol proba bihurtzea. Abarka edo mozorroak baino kulote gehiago ikusi nituenez, gure jendarte kirolzale eta kirolari honetan Korrika kirola egiteko gune bihurtzen ari ote den sentsazio hartu nuen astelehenean.
Abiadura moteltzeko, luzatu egin beharko da korrikaren iraupena akaso, mantso joanda gehienok askoz gehiago gozatuko dugulako. Korrikaren handitasuna goraipatzen jarraituko dut baina ahalik eta ekimen herrikoena izaten jarraitzeko ondorengo aldarria beharrezkoa da: Iro, iro, iro, astiro!!!