Ondarroak doako bisita ornitologikoak eskainiko ditu apirilean eta maiatzean
Ondarroa Birding Aieri izenburupean Ondarroako turismo bulegoak bisita ornitologikoak egingo ditu apirilean eta maiatzean. Lehenengo irteera datorren astean izango da, zapatuan [apirilak 4].
Guztira, turismo ornitologikoa egiteko hiru irteera antolatu ditu turismo bulegoak: apirilak 4, 18 eta maiatzak 16. Apirilaren 4an gazteleraz izango da bisita eta hilaren 18an eta maiatzaren 16an euskaraz.
Parte hartzaileak turismo bulegotik aterako dira, 10:30ean. Bisitak Diego Mendoza hegaztietan adituak gidatuko ditu eta ibilbidea «erraza» izango dela aurreratu dute; aieri inguruan ibiliko dira irteeran parte hartuko duten bisitariak.
Bisita gehiago. Bisita hegaztiak behatzeko denez, ekintzan parte hartuko dutenei prismatikoak eramateko gomendioa egin die turismo bulegoak.
Baina hor ez da amaitzen turismo bulegoaren eskaintza. Izan ere, bisita gehiago nahi izanez gero, posible dela aurreratu dute. Horretarako baina, interesatuek turismo bulegoan erreserba egin beharko dute (94-683 19 51).
Irteera horiei esker, inguruan dauden eta agerian ez dauden altxorrak ikusi ahalko dituzte herritarrek, Aieriko paduran dauden hegazti espezie bereziak esaterako.