Jendea 50. Ibilaldi Neurtua egiten.
Zirimiriagaz hasi eta eguzkiagaz amaitu zuten ibilbidea Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldeak antolatutako Ibilaldi Neurtuan parte hartu zuten 150 mendizaleek. Behe lainoa eta basa aurkitu zuten bidean, eta txirristada eta erorketa batzuk ere egon ziren arren, gustura ibili ziren Markina-Xemein eta Etxebarria inguruak ezagutzen.
07:30ean irten zuten Markina-Xemeindik 107 ibiltarik, 27 kilometroko ibilaldi luzea egiteko. Urko jaisten estututa ere ibili ziren batzuk, baina gero, martxa onean ailegatu ziren plazabarripean zegoen irteera eta helmuga mahaira.
Ixuan egin zuten bat ibilbide luzeko partaideek laburrekoekin. Izan ere, Markina-Xemeindik Ixuara autobusez eta autoz joan ziren parte hartzaileak, eta bertatik ekin zioten ibilbideari. 43 mendizalek egin zuten 10 kilometroko tartea.
Behe lainoa zegoela eta, lehen orduetan ezin izen zuten ibiltariek paisaiagaz gozatu, baina, 11:00k aldera, ostarteak zabaldu eta eguzkia atera zen askoren pozerako; txaloak ere jo zizkioten eta eguzkiari.
Ixuatik Ibergun pareko hornidura gunera basa aurkitu bazuten ere, Barinagatik Markina-Xemeinera are gehiago. Hala ere, azken kilometroak indarberrituta egin zituzten atseden guneko mokadutxoei esker.
Helmugako kontrolean denborak idatzita, oroigarri bat ere eduki zuten parte hartzaileek amaieran.