Domekan [martxoak 29] egin zuen Ondarroako EH Bilduk alkategaiaren aurkezpena, Kofradia Zaharrean. Arrizabalaga “aho batez” aukeratua izan dela esan zuten EH Bilduko ordezkariek areto bete jenderen aurrean. Arrizabalaga egungo alkate Argia Ituartegaz batera egon zen aurkezpenean.
Orokorrean, datozen lau urteetan, politika modu zabal batean egingo duela esan zuen Arrizabalagak. “Udala herritarren benetako tresna izango da datozen urteetan; traineru hau guztion artean eraman behar dugu”.
Alkategaia aukeratzeko, Ondarroako EH Bilduk parte hartze prozesu bat zabaldu zuen herri osoan. Eta prozesu horrek inoizko parte hartze handiena eduki duela gaineratu zuten. “84 izen agertu dira parte hartze prozesuan eta tartean batzuk errepikatu egin dira. Errepikatu diren izenen artean egon da Arrizabalaga”.
Alkategaia aurkeztuta, beste zerrendakideak eta programa aurkeztea geratzen zaio orain Ondarroako EH Bilduri. Hori, baina, apirilaren 11rako deitu duten batzarrean egingo dute.
Arrizabalaga
lehen ere ezker abertzaleko zinegotzi izandakoa da.
Bere burua eta bere politika egiteko era aurkeztuta, Arrizabalagak gaizki ulertuak eta saihesteko batzorde berri bat sortzeko asmoa agertu zuen. “Batzorde zabal horretan herritarrek parte hartuko lukete eta gai ezberdinen gainean eztabaidatu ahalko dute. Gero, batzorde horretan jasotakoak, udal agintariei bideratuko zaizkie”.