Kultur aniztasuna bideratzeko plana osatzen dabiltza Lekeition
Lekeitioko Udala, kultur aniztasuna eta elkarbizitza sustatzeko oinarriak adosten eta ezartzen hasi da. Horretarako, martxoaren 17an, bigarren bilera egin zuten Gaztegunean, eta 20 herritarrek hartu zuten parte bertan.
Lehen bileran egin bezala, bigarrenean ere kultur aniztasunari buruzko hausnarketa eta Lekeitiorako plana zehazteko talde-dinamikak egin ziren. Zurrumurruak, aurreiritziak eta estereotipoek gizartean eta pertsonongan duten eraginaz hausnartu zuten, guztiok dugula zer landu ondorioztatuz. Ondoren, hiru talde txikitan jarrita, aurreko saioan identifikatutako zailtasunak abiapuntutzat hartu eta Lekeitiorako elkarbizitzako plana osatzeko hainbat proposamen, ideia eta ekintza agertu zituzten. Ateratako gai batzuk, Kultur trukerako eta elkar ezagutzeko egunak, ekintzak eta espazioak antolatzea, herrira bizitzera heltzen diren pertsonentzako harrera prestatzea, kultur aniztasuna eta elkarbizitzaren gaia lantzen jarraitzeko leku bat zehaztu eta maiztasunez elkartzea izan ziren.
Hirugarren saioa apirilean
Prozesuaren hirugarren saioa apirilaren 21ean egingo da eta elkarbizitza planerako ildo nagusiak zehaztu eta hurrengo urteetan herrirako oinarriak markatuko dituzte. Aniztasun planak, migrazioak eta migrazio horien ondorioak kudeatzeko oinarrizko tresnak direla adierazi du udalak. “Plan honek hainbat urtetarako iparra zehazten dio Udalari, helburu eta estrategia orokorrak definituz eta urteroko ekintza planak martxan jarriz”, azaldu dute.