Lekeitio «biziberritu» nahi du Koldo Goitia EAJren alkategaiak
Koldo Goitia Lekeitioko alkatetzarako EAJ alderdiaren hautagaiak maiatzaren 24an izango diren hauteskundeetarako programa eta taldea aurkeztu zituen zapatu arratsaldean herritarren aurrean. Emperatriz Zita Hotelean izan zen ekitaldia, eta bertan egon z...
EAJko hautagaiak hamar proposamen estrategiko azpimarratu ditu bere programan; nagusiena itsasoari, turismoari eta merkataritzari loturiko jarduera ekonomikoaren bitartez herriko ekonomia biziberritzea izango da.
Beste proposamenen artean, gizarte babesa handitzea eta hobetzea, ikastetxeak eta kirol ekipamenduak hobetzeko inbertsio plana gauzatzea, San Andres eta San Juan auzoak berritzea, gazteei bideratutako babes ofizialeko eta alokairu sozialeko etxebizitzen proiektua berreskuratzea eta Santa Katalina pasealekuaren inguruan Eraztun Berdea sortzea daude, besteak beste.
Programa hori gauzatzeko, hamabost laguneko lantaldea izango du alboan Goitiak. «Gure asmoa udal plurala osatzea da, elkarrizketaren aldekoa, ahots eta iritzi guztiei leku egingo diena». Lantalde horren babesean, «aldaketaren olatua» datorrela iragarri du Goitiak, eta horrek beste garai bat ekarriko duela esan du, «irekiagoa, elkarrizketaren aldekoagoa».
EAJren hautagaiak argi eta garbi utzi zuen zer-nolako herria nahi duen gerora begira: «Lekeitio solidarioa, mundura irekia eta etorkizunekoa. Eta, alde horretatik, prest gaude gobernatzeko eta herriari dagoen geldialditik ateratzeko beste bultzada bat emateko».