Unai Belaustegi Bedialauneta mutrikuarrak
Errepublikanismoa Gipuzkoan (1868-1923) bere lehen liburua kaleratu du. Errepublikanismoari buruz euskaraz idatzitako lehen liburua da mutrikuarrarena, eta lau urteko lanaren fruitua da. “Errepublikari buruz asko idatzi baldin bada ere, errepublikanismoari buruz ez da askorik idatzi, eta are gutxiago euskaraz”, adierazi du historialariak.
Belaustegi (erdian), B. Aginagalde Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroko zuzendariarekin (ezkerrean) eta E. Antxustegirekin batera (eskuman). Argazkia: Ion Xoxua
Atzo [apirilak 13] Donostian egin zuen aurkezpena Liburutegi Nagusian Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiarekin eta Esteban Antxustegi EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologiaren Sailaren irakaslearekin batera.
Belaustegik adierazi duenaren arabera, aurkezpenera agertutakoen artean “eztabaida eta solasaldi interesgarria” sortu zen. “Gaian interesa zuen jende asko hurbildu zen aurkezpenera, tartean mutrikuarrak ere etorri ziren. Denek ere ikerketari buruzko xehetasun gehiago jakin nahi izan zituzten, eta hori oso pozgarria da”.
Mutrikuarra pozik dago emaitzarekin, “harrera ona” eduki duela azpimarratu du eta tesiarekin bukatzeko bigarren liburu bat idazten ari dela ere aitortu du .