Antxoa sasoian bete-betean sartuta jarraitzen dute baxurako arrantzaleek. Ondarroako Kalare Deuna kofradiako arduradunek igorritako datuen arabera, astelehenetik [apirilak 13] eguaztenera [apirilak 15], 476.000 kilo antxoa lehorraratu dituzte arrantzaleek. Bataz beste, 1,49 eurotan saldu da bentan.
Aste hasiera arraina hurre harrapatzen hasi bazuten ere, Teilagorri parean (Landak) tamaina handiagoko antxoa aurkitu dute, eta hara joaten amaitu dute arrantzale gehienek. “Tamaina hasixeagoa duen arrainaren eskaera handia dago, eta hantxe aurkitu dutenez, hara joan dira arrantzaleak”, azaldu dute kofradiako arduradunek.
‘Nuevo Luz Alba’ ontziko arrantzaleak treinak garbitzen
Egia esan, antxoatan ontzi asko ibili direna igarri-igarria izan da bai portuan eta baita itsasoan ere. Eguazten [apirilak 15] goizean, esate baterako, baxurako ontziez gainezka zegoen portua; azken egunotan, 45 bat ontzi dabiltza haruntz-honuntzean. Han-hemenka arrantzaleak arraina deskargatzen edota treinak garbitzen ikus zitezkeen. Kostaldea ere argiztuta ikusi ahal izan zen astelehen [apirilak 13]; arrantzaleak hurrean arrantzatzen ari zirenaren seinale.
Egunei dagokionez,
astelehenean [apirilak 13], 12:00etatik hasi eta arratsaldera arte, ontziak etengabe porturatzen aritu ziren; 14.000 kaxa inguru porturatu zituzten. Tamaina aldetik, zer edo zer haziagoa izan zen kiloko 42-60 ale ingurukoa. Prezio aldetik, handienak 2,70 eurotan eta txikienak 80 zentimoan saldu ziren.
‘Nuevo Luz Albako’ arrantzaleak lanean
Martitzenean [apirilak 14] ere antxoa asko saldu zen; 22.000 kaxa inguru. Prezio aldetik, astelehenean baino merkeago saldu zen.
Eguaztenean [apirilak 15] ere, arraina barra-barra lehorreratu zuten arrantzaleek. Goizean, Ondarroatik hurre antxoa txikia harrapatu zuten arrantzaleek deskargatu zuten, eta eguerditik aurrera, Landen parean antxoa handiagoa harrapatu zutenek deskargatu zuten. Antxoarik handienak, kiloko 38 eta 35 arte bitartekoa, batez ere, kontserbagileek erosi zuten: 1,80 euro eta 2,70 euro bitartean saldu zen.
Aurreikuspenen arabera,
gaur [apirilak 16] ere, antxoa asko lehorreratuko dute arrantzaleek Ondarroan. Goizean zer edo zer saldu baldin bada ere, gehienak eguerdirako bueltatu dira, goizaldeko arrantzua egin eta gero.
Berdela ere, asko
Antxoaz gain, asteon amuko arrantzaleek berdela ere porturatu dute. Kofradian jasotako datuen arabera, apirilaren 13tik 15era, 99.000 kilo lehorreratu dituzte, egunero kupoa arrantzatu dute; bataz beste, 57 zentimotan saldu da bentan. Berdeletan ari diren arrantzaleek hurre arrantzatu dute arraina, Bermeoko alturan.