Zerua ilun bazegoen ere, euriak eutsi egin zuen zapatuan [maiatzak 2]. Azoka zabaldu zen orduan jende askorik ez zebilen Berriatuko plazan, baina minutuek aurrera egin ahala, plaza betetzen hasi zen. Herriko elkarteen arteko pintxo lehiaketak sekulako arrakasta eduki zuen beste behin ere.
Berriatuarrez gain, inguruko herrietako bizilagunak ere gerturatu ziren Azoka Egunera. Denetariko produktuak erosteko aukera zegoen, hori bai, guztia bertokoa. Eguerdi bueltan zegoen giroa gehiago berotu zuen Tarine musika eskolako Trikipand taldeak.
Eta pintxoak dastatzeko aukera ere ez zuten galdu nahi izan askok. Goxalde, Kukulumutxu, Anaitasuna, Asterrikarrak eta Milloitarrak elkarteko kideek 250 pintxotik gora egin zituzten eta itxura benetan ederra zuten guztiek. Batak bestea baino landuagoa egin bazuen ere, herritarrak bat ahoan sartu orduko puntuak ematen hasten ziren.
Epaile lanetan, pintxoak dastatzen aritu ziren herritarrak eurak aritu ziren. Saldu ziren 20 txarteletatik batek, pintxoa epaitzeko aukera izan zuen. Horiek «ederrena eta goxoena» iruditzen zitzaien pintxoa aukeratzeko aukera izan zuten; horretarako, bakoitzak euren gustuko kolorea zuen zotza aukeratu zuen.
Goxalderena, onena
Bozkarik edo zotzik gehien Goxalde elkarteko kideek prestaturiko pintxoek jaso zituzten. Irabazleek hegaluze eta barrengorriekin egindako nahaskia prestatu zuten. Era berean, elkarteko kideek prestatu zituzten hegaluze kroketek ere arrakasta handia izan zuten. «Jendeari asko gustatu zaizkio».
Irabazleek euren izena eramango duen ikurrina jaso zuten sari legez, eta ikurrina hori datorren urtera arte euren elkartean erakusteko aukera izango dute.
Antolatzaileen esanetan, herriko elkarteen arteko II. Pintxo lehiaketa “arrakastatsua” izan da. Iaz egin modura, aurten ere, maila ona erakutsi dute sariketan parte hartu duten bost elkarte gastronimokek. «Elkarteak eurak oso gustura geratu dira prestatu dituzten pintxoekin. Era berean, jendea ere pozik ibili da pintxoak probatzen. Denetara 2.000 pintxo inguru banatu ditugu», azaldu zuten jaien antolatzaileek.
Ostean etorri ziren bazkaria, jolasak eta gaueko kontzertuak. Domeka [maiatzak 3] ere jai giroan jarraitu zuten, mus eta briska txapelketegaz. Jai giroak asteburuan izango du jarraipena, Kaxero gaupaseroren jaitsieragaz.
[nggallery ID=236]
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.