Ondarroako Turismo Bulegoak, Hegazti Migratzaileen Nazioarteko Egunaren harira, bisita ornitologiko berezia antolatu du domekarako [maiatzak 10].
Turismo bulegoak antolatuta, azken asteotan beste bi bisita ornitologiko egin dira, baina domekakoa “berezia” izango dela aurreratu dute bertoko arduradunek. “Hegazti Migratzaileen Nazioarteko Eguna dela eta, oraingo honetan bisita gidatu luzeagoa egitea erabaki dugu. Aurrekoetan Allerin bakarrik ibili gara, baina oraingo honetan Alleri eta inguruko hegaztiak ikusteaz gain, portura ere hurreratuko gara. Jakina da bertan espezie ezberdinetako kaio taldeak daudela, eta haietxek ikustera joango gara”.
Hegaztiak ikusten Allerin. Argazkia: Ondarroako Turismo Bulegoa
10:30ean Turismo Bulegotik irten, eta bi ordu eta erdi inguru iraungo duen bisita gidatuan hainbat espezie ikuskatzeko aukera edukiko dute bisitariek. Gidari aditu baten laguntza izango dute horretarako; Diego Mendoza Debanaturako arduradunak emango ditu azalpenak.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, azkenekoz Alleriko padurara egindako bisita ornitologikoan hainbat espezie ikusi zituzten: zapelatzak, lertxun hauskarak, ubarroiak, kulixka txikiak, txinbo kaskabeltzak, paranda, lezkari arruntak eta zingira berdantzak, besteak beste. “Horiek guztiez gain, arrano arrantzale bat ere ikusteko aukera izan genuen. Era berean, ornitologoek argazki onak ateratzeko erabiltzen dituzten trikimailuak ere ezagutu genituen”.
Arrano arrantzale bat. Argazkia: Debanatura
Bisita gidatua doakoa izango da eta adin guztietako herritarrentzat zuzendua dago. Antolatzaileek herritar guztiak bertara gonbidatu dituzte, “hegaztiak gustuko badituzu, eta oro har, hegaztien migrazioak Ondarroan eta Euskal Herrian duen garrantzia ezagutu nahi baduzu, etorri!”.
Egingo den ibilbidea erraza da, eta hegaztiak hobeto ikuskatzeko prismatikoak eramatea gomendatzen da. Erreserba egin edo informazio gehiago nahi izanez gero, interesatuek Ondarroako Turismo Bulegora jo (Erribera 9, Kofradia Zaharra), 94-683 19 51 telefono zenbakira deitu edota
turismobulegoa@ondarroakoudala.net helbidera posta elektroniko bat bidali beharko dute.