Asteburuan Italian jokatu den
Mezzalamako lasterketaren ostean, Munduko Mendi Eski Kopako Iraupen luzeko sailkapen nagusia erabakita geratu da. Nahia Quincoces Altuna eskiatzaile mendexarrak denboraldi bikaina egin du, eta Adamelloko, Pierra Mentako eta Mezzalamako hiru lasterketetan lortutako puntuei esker eskiatzaile mendexarrak brontzea lortu du federazioka banatzen den Mundu mailako sailkapen nagusian.
Azken lasterketan Marta Ribagaz eta Marta Garciagaz laugarren postuan sailkatu ostean, puntu dexente jaso dituzte hirurek, eta podiumeko hiru lehen postuetan sailkatu dira denak. Lehen eta bigarren postuetan, Marta Riba Carlos eta Marta Garcia Farres kataluniarrak sailkatu dira, hurrenez hurren.
Arazoren bat edo edo beste Mezzalaman
Hainbat atzerapen eduki ondoren, zapatuan [maiatzak 2] jokatu zen Mezzalamako taldekako proba Italiako Aosta haranean. Proba goizaldean hasi zen (05:00etan), eta aurreko egunean baino eguraldi onagoaz baldin bazegoen ere, haizeak zakar jo zuen egun osoan, lasterketa erabat zailduz. Hori dela eta, hainbat taldek proba utzi ere egin behar izan zuten.
Quincocesentzat, Ribarentzat eta Garciarentzat proba “oso gogorra eta teknikoa” izan zen, eta uneren batean edo bestean, hirugarren postuan joan baziren ere, arazoak arazo, podiumetik kanpora geratu ziren. 45 kilometroko eta 3.500 metroko desnibela zuen lasterketa amaitzeko
8 ordu, 22 minutu eta 17 segundo behar izan zituzten. Mendexakoa “pozik” dago lortutako laugarren postuagaz.
Garcia, Quincoces (erdian) eta Riba Mezzalamako proban. Argazkia: Jeantet Stefano
Egia esan, proba “nekez” hasi zuen Quincocesek. Korrika egin beharreko zatia ondo hasi bazuen ere, eskiatzen hasi orduko indarrik gabe sentitu zen. Taldekideen erritmoa ezin hartuta ibili zen denbora luzez, eta bere taldeko bi kideen animoei eta egindako bultzadari esker lehen kilometroetan aurrera egitea lortu zuten. Erritmoa hartzea kostatu egin bazitzaion ere, bere aurrekoak egindako “tirakadei esker” probaren martxa ondo hartu zuen gerokoan mendexarrak.
Hala ere, ez zen arazoak izan zituen talde bakarra izan. 4.000 metrotik gorako mendietan barrena ibili ziren, eta proban parte hartu zuten hainbat eskiatzailek mendiko gaitzak jota ibili ziren, eta askorek proba utzi ere egin behar izan zuten.