Ekainaren 21ean San Mamesen ehunduko den hautetsontzi erraldoia prestatzen hasita daude ondarrutarrak. Hainbat oihal beteta dituzte, eta horiek josteari egingo diote domekan [maiatzak 10], Alamedan jai giroan egingo den Joste Egunean.
Dinamika berriaren aurkezpen ekitaldia
12:00etatik aurrera, erabakia ehuntzen jarraituko dute
Gure Esku Dago dinamikako kideek zein herritarrek, eta guztiek Alameda erabakitze eskubidearen jai gune bihurtuko dute. “Gure asmoa Alamedaren erdi-erdian hautetsontzi bat irudikatzea da, eta haren bueltan egingo dugu Joste Eguna”, azaldu dute Ondarroako dinamikako kideek.
Herritar guztiak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte, eta denei ere, Gure Esku Dagoko elastikoak jantzita agertzeko deia egin diete. “Elastikorik ez duenak Kantoipe kalean dugun dendan erosteko aukera izango du. Eguenero zabalik egoten da, 19:00etatik aurrera. Era berean, egunean bertan ere materiala salgai edukiko dugu”.
Gure Esku Dago dinamikako kideak oihalak margozten Alamedan. Argazkia: Turrune
Lehenengo eta behin, tutore eta elkarteen artean banatuta dituzten oihal guztiak batuko dituzte Alamedan, eta ostean, horiek josteari ekingo diote, eskuz zein makinen laguntzarekin “bakoitzak ahal duen modura”. Era berean, oraindik atxikimendua eman ez dutenek horretarako aukera ere izango dute.
Ondarrutarrek jakitera eman dutenez, kanpaina “martxa onean” doa. “Jendea euren atxikimendua ematen ari da pixkanaka. Hainbat asteburutan Alamedan egon gara, eta nahikoa jende hurreratu da. Domekakoa horren jarraipena besterik ez da izango”.
50 oihal
Ikasturte hasieran 1.500 atxikimendu lortzeko erronka ezarri zuten Ondarroan, eta bide onetik jarraitzen dute. Domekako jaia eta gero, 1.000 atxikimendutik gora izatea espero dute. “Hainbat oihal beteta edo banatuta ditugu, eta Joste Eguna eta gero, 50 oihalen muga hori gainditzea nahi dugu”.
Jaia kalejira koloretsuagaz amaituko dute. Musikak girotuta eta buruhandiak eta erraldoiak lagun, Beheko Kalean zehar ibiliko dira oihalak eskuetan dituztela.