Maiatzaren 14an, 19:30ean, zabalduko dute erakusketa, eta Nepalen izandako lurrikararen ondorioz egoera larrian geratu den familia bateri babes zuzena ematera bideratuko da.
Antsotegi hoteleko familiak harreman estua dauka Nepalegaz. Izan ere, Emilio Hernandok Everestera egin zen lehenengo euskal espedizioan hartu zuen parte. 27 urtegaz Martin Zabaleta buru zuen espedizioan Everestera igo zen Hernando, beste 12 kidegaz batera, eta taldeko mendizale gazteena izan zen ordukoan. “Martin Zabaletari Everestera igotzen lagundu zion sherparen familia etxe barik geratu da eta lagundu egin nahi diogu”, azaldu du Antsotegi hoteleko Gontzal Hernandok. Gainera, Emilio Hernando joan zen espedizioko sherpak hiru udatan beharrean egon ziren bai eta ere, Antsotegi hotelean.
Nepaleko lurrikarak eragindako hondamendia. Argazkia: Zoomnews
Mendizale talde bat elkartu dira beraz, eta erakusketa antolatzea erabaki dute. Ez da sarrerarik egongo, borondatea eman ahalko dute erakusketa ikustera doazenek. “Gure konpromisoa borondate hori bertako famili bateri eramatea izango da”, azpimarratu du Gontzal Hernandok.
Famili horrek, bere etxea konpontzeagaz gain, behar duten beste batzueri laguntzeko erabiliko du dirua. Antsotegi hotelekoek jakin izan dutenez, momentura arte bidali diotenagaz, autoa bete eta laguntza banatzen ari dira kaltetuen artean. “Lurrikararen ondorioz, egoera larrian daude Nepaleko bizilagunak. Etxe barik, kale gorrian geratu dira, eta ez daukate ez jateko ez eta edateko ere”, nabarmendu du Gontzal Hernandok. Beraz, erakusketa baten bidez laguntzea erabaki dute: “Guk emandako gutxi bategaz hango familia askok bizi iraun ahal dutelako”.
Ordutegia
Erakusketa hilabete egongo da zabalik. Aste barruan 17:00etatik 20:00etara egongo da ikusgai, eta asteburuetan 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Katmanduko argazki ezberdinak egongo dira, bai 80. hamarkadakoak bai eta gaur egunekoak ere. Mendizale ezagun eta ezezagunen argazkiak izango direla aurreratu dute.