Ondarroako Udaleko Kirol Batzordeak antolatutako Ondarroako kirolaren laugarren gala ospatuko da barikuan [maiatzak 8], Kofradia Zaharreko bigarren solairuan. Bertan, 2014 urteko kirol sariak banatuko dituzte 19:30ean hasiko den ekitaldian.
Denetara lau sari banatuko dituzte: urteko kirolaria emakumezkoa, urteko kirolaria gizonezkoa, urteko kirol taldea eta aipamen berezia.
Koaxi Triatloi Taldeko Ioana Osa Larruzea triatleta izendatu dute 2014 urteko kirolaria emakumezkoetan. Ondarroako taldean ari den kirolariak marka bikainak lortu ditu azken urteotan; aurreko astean, esaterako, Senperen egin zen triatloian laugarren amaitu zuen, distantzia olinpikoan. Triatleta ondarrutarrak saria jasotzen duen bigarren aldia izango da, iaz ere sari bera jaso zuen.
Ioana Osa iazko galan saria jasotzen
Gizonezkoetan, ordea, urteko kirolaria saria
Mikel Iriondo Anakabe igerilariak jasoko du. Iaz indartsu ibili zen ondarrutarra, eta parte hartu zuen hainbat lehiaketetan marka ezinhobeak lortu zituen. Beste hiru lagunegaz batera, 4 x 100 metroko errelebu libreetako masterren munduko errekorra hautsi zuen, eta Europa mailan ere maila ona erakutsi zuen. Aurtengo denboraldiari dagokionez, aurreko astean Espainiako txapelketan parte hartu zuen.
Urteko kirol taldearen saria
Aurrera Kirol Elkarteak jasoko du. Elkarteak berak izan duen ibilbide luze eta oparoa, eta kirolaren inguruan egiten duten beharra sarituko ditu kirol batzordeak emandako sariak.
Aipamen berezia, Aranguenari
Amaitzeko, aurtengo kirolaren galan aipamen berezia egingo diote
Jose Aranguenari. Kirolaren inguruan egindako etengako lanagatik jasoko du saria Aranguenak. Besteak beste, Zaldupe futbol zelaian eta bertako kirolgunean urteetan egindako lana sarituko dituzte barikuko galan.
Sarituez gain, Ager Solabarrieta eta Maite Badiola tiro olinpikoan aritzen diren ondarrutarrak ere gonbidatu ditu kirol batzordeak galara, eurek banatuko dituzte sariak. Solabarrietak eta Badiolak denboraldi bikaina egin zuten iaz; besteak beste, Espainiako txapelketa lortu zuten tiro olinpiko egokituan.