2 ordu, 14 minutu eta 10 segundoko denborarekin Andoaingo Txirrindu Taldeko Peio Manterola nagusitu da 33. Atxukale Sarian. Bigarren eta hirugarren, aldiz, Ampo taldeko Mikel Paredes eta Buruntzazpi Txirrindu Eskolako Iñigo Altuna izan ziren. Taldekako sariari dagokionez, lehen saria Limousin cartonajes taldeko kideek lortu zuten.
Manterola, Paredes eta Altuna, podiumean. Argazkia: Mutrikuko Udala
Antolatzaileen esanetan, junior mailako txirrindulariak “erraz” irabazi zuen Euskal Herriko txirrindu saria. Irabazleak lasterketa oso ona egin zuen, eta sari nagusia irabazteaz gain, mendiko saria ere bereganatu zuen.
87. kilometroko etapa “zaila eta oso azkarra” izan zen. Parte hartu zuten 67 txirrindularitik 29 bakarrik heldu ziren helmugara. Horrez gain, emozioz betetako lasterketa izan zen, eta azken momentura arte halaxe izan zen. Astigarrabia kaleako azken 150 metroetan erabaki zen etapa, esprintean. “Azken buruz burukoa oso estua izan zen. Denbora berdinean zortzi txirrindulari sartu ziren, baina helmugan sartzen lehena Manterola izan zen”, adierazi zuten antolatzaileek.
Eragin gutxi
Proba bukatzen ari zela euria hasi bazuen ere, horrek arazo gutxi batzuk eragin zituen. “Gure beldurrik handiena Galbaixo jaitsieran erorikoak izatea zen, baina ez zen aparteko arazorik egon”. Lasterketako eroriko bakarra Debako biribilgunearen parean izan zen: bost bat txirrindulari erori egin ziren, eta bat min hartuta Mendaroko ospitalean hartatu behar izan zuten.
Omenduak saria jasotzen. Argazkia: Mutrikuko Udala
Behin lasterketa amaituta, sari banaketa egin zen Goiko Plazan. Txirrindulariei sariak banatzeaz gain, aurtengo omenduek omenaldia xumea jaso zuten sari banaketa amaitu eta gero. Anizeto Uranga Atxukale Txirrindu Taldeko presidenteak eta Fermin Osinanaldek pozik eta oso hunkituta jaso zituzten oroigarriak.
Azkenik, zozketa egin zuten. Mendiko bizikleta eta kaskoa lortuko dituen zenbaki irabazlea 3.674 zenbakia izan zen, eta ordezkoa, 4.749. Irabazleak zazpi eguneko epea izango du saria lortzeko.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.