Berriatuko EAJ-k milioi bat euro inbertitu nahi ditu eskola publiko berria egiteko
Pedro Maria Balenziaga Berriatuko EAJren alkategaiak eskola publikoa eta haur eskola berritu nahi ditu. Horretarako, milioi bat euroko inbertsioa egin nahi dute jeltzaleek. Berrikuntza, baina, eskolako arduradunen iritziak kontuan hartuta egingo litzatekeela iragarri dute.
Proiektu horrez gain, jeltzaleek beste 100.000 euro bideratuko dituzte herriko espaloiak berritzeko edota berriak egiteko. Bestalde, 30.000 euro babes ofizialeko sei etxebitzitza eraikitzeko proiektua egitera bideratu nahi dituzte; herriko bikote gazteei zuzenduta egin nahi dute proiektu hori.
Azpiegituretara 60.000 euro bideratuko dituzte Ibarra futbol zelaiaren inguruan estalitako gune bat egiteko.
Herrian lan eskaintza sustatzeko, gaur egun erabiltzen ez diren lantokietan proiektuak martxan jartzea aurreikusten dute. Eta Milloi eta Asterrika auzoetan ere berrikuntzak egingo dituztela diote.
Ingurumenean, bosgarren edukiontzia ipini nahi eta gastuak murriztu nahi dituzte. “Urepeleko ura eta inguruak herriko ondare izendatu nahi ditugu”.
Herritarren parte hartzea bultzatzeko, udalaren webgunean herritarrei zuzendutako ataria sortu nahi dute. “Udalaren funtzio egokia bermatzeko, ohiko gastuak murriztu eta esparru guztien antolaketa hobetuko dira”.