Debegesa Garapen Agentziak eta
Debagoieneko Mankomunitateak elkarlanean antolatuta, bihar [maiatzak 22] Enpresa Industrialen I. Topaketa egingo da Eibarren, Debegesaren egoitzan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “enpresen arteko lankidetza erraztea eta negozio aukera berriak sustatzea” du helburu topaketak.
Topaketa 09:00etan hasiko da eta 13:00ak arte luzatuko da, eta denetara, industria arloko 30 enpresa baino gehiago batuko dira.
Topaketaren baitan, enpresa industrialen erronka nagusien gaineko hausnarketa amankomun bat egingo da. Bertan parte hartuko dute Juan Angel Balbas Debegesa Garapen Agentziako Zuzendari Nagusiak, Koldo Azkoitia Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziako Arduradunak, eta Aitor Ruiz Automozio Klusterreko Ezagutzaren Kudeaketarako Zuzendariak.
Topaketak izango duen formatuari dagokionez,
speed networking izenez ezaguna den dinamika erabiliko da. Hau da, enpresa parte hartzaileen arteko bilera laburrak egingo dira, enpresen arteko harremanak erraztu eta jarduera industrialarekin zerikusia duten sektoreetan lankidetza aukera antzemateko.
Dinamika horren bitartez, enpresa guztiek izango dute aukera gainerako parte hartzaile guztiekin elkartzeko. Era berean, enpresa bakoitzak bere intereseko enpresen agenda sortzeko aukera ere izango du.
EGITARAUA
- 09:00. Parte hartzaileen harrera eta ekitaldiaren aurkezpena.
- 09:10. Industria arloko enpresen erronka nagusien gaineko hausnarketa hasiko da. Hizlariak:
- Juan Angel Balbas, Debegesa Garapen Agentziako Zuzendari Nagusia.
- Koldo Azkoitia, Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziako Arduraduna.
- Aitor Ruiz, Automozio Klusterreko Ezagutzaren Kudeaketarako Zuzendaria.
- 10:00. Parte hartzaileen arteko lehenengo bilera txanda.
- 11:30. Bigarren bilera txanda.