Etxebarriko etorkizunagaz arduratuta daude EH Bildukoak. Azken urteetan kaleko bizitasuna galtzen doan herria dela ikusten dute. “Apurka-apurka lo herri bihurtzen ari da”, diote. Egoera horreri buelta eman nahi diote hurrengo agintaldian, eta horretarako zerbitzu desberdinak eskeintzea behar beharrezkoa dela uste dute. “Izan ere, herri txiki bat handi egiten duena, berak eskaintzen dituen zerbitzuak dira”. Etxebarriko etorkizuna erabakitzeko baina, herri hausnarketa bat egitea proposatzen dute, herritar guztien artean etorkizuneko Etxebarria zelakoa izatea nahi duten adosteko.
Etxebarriko EH Bilduren hautagaiak. Argazkia: Etxebarriko EH Bildu
Proiektu eta egitasmo ugari ditu ETxebarriko EH Bilduk hurrengo lau urteetarako, hala ere, hiru puntu nagusi azpimarratu dituzte. Alde batetik, herritarrek udalean parte hartze handiagoa izatea nahi dute. “Gure asmoa udaletxeko ateak herritarrei zabaltzea da, jendearen parte hartzeari eta ekimenei ahal den neurrian laguntzea”. Horretarako, udal batzorde zabalak egotea eta gai desberdinen inguruko bilerak egitea proposatzen dute.
Eskola berri baten beharra ere “ezinbestekotzat” jotzen dute EH Bildukoek. “Umeen beharrizanak osotasunean asetzea ahalbidetuko duena”. Gune horretan haurtzaindegia, eskola, jangela jolasgunea eta beharrezkoak diren baliabide guztiak uztartu nahi dituzte.
Bestalde, kultur batzordea, herrikoia, horizontala eta parekidea izateko lan egingo dutela azaldu dute. “Herriko eragileak izango dira batzordearen parte, eta bertako erabakiak errespetatuko dira. Batzordeak, euskal kultura zein Etxebarriko ondare historikoa zaindu, landu eta indartu beharko ditu”.
Lantalde handia
Hamar laguneko lantaldea aurkeztu du Etxebarriko EH Bilduk domekako udal hautsekundeetara. Karmelo Ibarluzea alkategaiak burutzen duen lantaldea Kepa Castillok, Mari Karmen Bustinduik, Arantza Loiolak, Alain Altzibarrek, Iraide Baskaranek, Andoni Eskortzak, Maite Juaristik, Aritz Meabebasterretxeak eta Zaloa Zenarruzabeitiak osotzen dute. “Gu bistara dagoen hamar pertsonak besterik ez gara, atzean lantalde handiagoa dago oraindik”, nabarmendu du Karmelo Ibarluzea Etxebarriko EH Bilduren alkategaiak.