Etxebarria: Jesus Iriondok jarraituko du alkate izaten
Orain dela lau urte baino boto gehiagogaz, EAJ izan da nagusi Etxebarrian. Botoen %58,89 lortu dituzte jeltzaleek, eta ia bosgarren zinegotzia ere bereganatu dute. Azkenean, baina, udal gobernu osaketa azken agintaldiko bera izango da: 4 zinegotzi edukiko ditu EAJk eta 3 EH Bilduk.
Jesus Iriondo EAJren alkategaiak alkatetzan jarraituko du beste lau urtez. Emaitzekin «oso pozik» agertu da, eta «jendearen erantzun ona» azpimarratu du: «Orain dela lau urte baino hamazazpi lagun gutxiago egon dira hautesle erroldan, eta orduan baino jende gehiago etorri da botoa ematera, jendea inplikatu egin dela ikusi dugu». Izan ere, parte-hartzehandia egon zen atzo Etxebarrian, eta 609 laguneko erroldatik 533 joan ziren udaletxera botoa ematera, %86,95.
Izandako emaitza onak «azken lau urtetako lanaren fruitua» direla dio Jesus Iriondok. «Gure programagaz bat egiten du herriak, eta hurrengo lau urteetan nondik hasi badaukagu».
EH Bilduren emaitzak ez dira horren onak izan. 2011n baino 51 boto gutxiago izan dituzte, botoen %39,39 lortuz. Hala ere, zinegotzi kopurua mantentzea lortu dute, eta herriaren alde lan egiten jarraituko dutela adierazi dute zinegotzi berriek. «Programako puntuak aurrera eramaten eta herria aldatzen lan egingo dugu».