Markina-Xemein: Sei zinegotzigaz EH Bilduk jarraituko du gehiengoa izaten udalean
Berriro ere herritarrak garaile izan direla azpimarratu zuen atzo, EH Bilduk, botoen zenbaketa amaitutakoan. Garaipena eskuan, «lanean jarraitzeko prest» agertu ziren.
1.191 boto lortu zituen atzo EH Bilduk, %49,17. «Herritar guzti horien konfiantzak orain arte egindako lan ona adierazten du, eta horrela jarraitu nahi den borondatea. Eta konpromisoa hartuko dugu guztion artean horrela aurrera egiteko», esan zuten.
Beharrean jarraitzeko ordua da orain EH Bildukoen esanetan. «Herrian bizi garen 5.000 lagunen alde jarraituko dugu lanean. Gaurtik hasi, eta egunez egun, Markina-Xemein hobea eraikitzen segituko dugu herritar guztion artean. Jarrai dezagun herri mugimenduan lanean, udal batzordeetan parte hartzen, herritik eta herriarentzat lanean».
Udal hauteskunde hauetan, Aralar ere koalizioan joan da EH Bildugaz, eta denek batera, sei zinegotzi lortu dituzte. Orain dela lau urte 1.032 boto izan zituen Bilduk eta 255 Aralarrek, eta azken horren esku geratu zen alkatetzaren erabakia. Indarrak batuta, zalantzarik ez da egon oraingoan. Hala ere, botu kopuru biak batuta, lortutako erantzuna, txikiagoa izan da.
EAJk bost zinegotzi izaten jarraituko du. 2011 urtean baino boto gutxiago lortu dituzte, hain zuzen ere 65 gutxiago. Baina, ahal duten eta hobetoen lan egiten jarraituko dutela adierazi zuen Andoni Malaxetxebarria EAJren alkategaiak.
Parte-hartzea izan daiteke alderdi guztien botoen beherakadaren erantzule. 2011n %70,5ak eman zuen botoa, eta atzo %66,67 joan zen frontoiko hautetsontzietara bozka ematera, 3.687 laguneko erroldatik 2.458.