Mendexa: Anakabe izango da beste lau urtez alkatetzan
Jesus Anakabe aukeratu dute mendexarrek beste lau urtez herriko alkate izateko. 55 bozkako aldea lortu du alderdi abertzaleak. Honenbestez, 4 zinegotzi izango ditu EAJ-k eta 3 aldiz EH Bilduk, udal osaketa beraz lehengo moduan geratuko da. Aurten duela lau urte baino bozka gehiago eskuratu ditu EAJ-ak eta Anakabek azterketa gainditutzat eman du. Duela lau urte baino lanerako gogo gehiago agertu du Anakabek eta herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkie parte hartze handia izan baita udalerrian.
«Lanerako gogo gehiago»
«Alkate moduan egon naizen lau urteetan egindako lana saritu dute herritarrek eta hori poztekoa da benetan». Legegintzaldi berrian orain arte moduan turismoa bultzatuko duela adierazi du alkateak. «Abentura parkea eta bide batzuen konponketa lanei ekingo diegu lehenbizi, hurrengo lau urte hauetan aurretik egindakoa errotzea izango da helburua» dio.
EH Bilduk duela lau urte baino 21 boto gutxiago izan ditu aurtengoan. Jose Luis Goenaga hautagaiak hirugarren zinegotzia ozta-ozta mantendu dutela eta emaitzak espero baino kaxkarragoak izan direla aipatu du. Hala eta guztiz ere, udal gobernuarekin lankidetzan aritzeko prest daudela esan du «aurreko urteetako giro okerrari buelta eman nahi diogu eta modu positiboan lan eginez herria eraikitzen jarraitu gura dugu» dio.