Munitibar: Lau ordezkari lortuta, EH Bilduk gobernatuko du legegintzaldi berrian
EH Bildu izan da botatuena Munitibarren: 154 herritarrek eman diote babesa, eta Arkaitz Goikoetxea izango da alkate hurrengo lau urteetan.
EAJk 118 boto jaso ditu, orain dela lau urte baino 29 gutxiago. Emaitza horien arabera, 4 ordezkari izango ditu EH Bilduk (lau botogatik ez du lortu bosgarrena), eta 3 EAJk. Euskal Herritarrok izan zen Munitibarren gobernuan egon zen ezker abertzaleko azken alderdia.
Batzordeak eratzera
Emaitzekin «oso pozik» agertu da Arkaitz Goikoetxea EH Bilduko alkategaia. «Irabazi egin ditugu hauteskundeak, eta ondo irabazi, gainera», azaldu du. Datozen lau urteetako asmoen berri ere eman zuen: «Orain arteko kudeaketa pertsonalistari buelta eman nahi diogu, eta batzordeak eratu, nahi duten herritarrek horietan parte har dezaten. Horrez gain, udalean egiten diren gauzen berri emateko tresnak ipini nahi ditugu martxan».
EAJko alkategai Jabier Artaetxebarriak azaldu duenez, «esperotako emaitza» izan da. Hala ere, oposizioan egon arren, lanean jarraituko dutela esan du.
Parte hartzeari dagokionez, herritarren %74,39 joan zen bozkatzera .