Markina-Xemeingo EUP! irratia ezagutzera emateko eta formakuntza feministarako lehen pausoak emateko bidean egun osoko jarduna antolatu zuten joan den barikuan, maiatzak 22, martxan hasi berri den irratiko kideek. 09:00etan hasi ziren azpiegiturak muntatzen eta goiz osoa pasatu zuten horretan. Agertokia prestatu, txosnako barra antolatu eta afaltzeko erosketak egin zituzten herriko dendetan, arratsalderako dena prest edukitzeko.
Zebrabidea programa egiten Uhagonen. Argazkia: EUP irratia
Eguerdi partean ailegatu ziren, programagaz hasteko gogoz, Nekane Zinkunegi Zebrabidea saioko esataria eta Jon Aranburu Arrosasareako teknikari eta esataria. Eguraldia ikusita, EUP irratiken asmoa Zebrabidea kultur aretoan egitea bazen ere, interneta ez zegoen horretarako, eta beraz, Uhagon kulturgunera joan ziren zorte hobeagoaren bila. “Aldaketa horrek lan gehiago egitea suposatzen zuen, baina Zebrabidea Uhagonetik egitea luxu bat izan zen”, azpimarratu dute Eup irratikoek. Denak egon ziren pozik kokapen berrian. Gainera, Plazabarripean zegoen jendeak programa entzuteko aukera izan zuen, bertan jarri zituzten bozgorailuetatik.
Arratsaldeko lauretan hasi zen Zebrabidea, eta ordu berean zabaldu zuten txosna ere. Afaria prestatu behar zuen lantaldea ere bertan egon zen lanean, “gustura”, irratia entzuten zuen bitartean janaria prestatzen.
Hitzaldia, 19:00ak pasatxo hasi zen, eta 30 lagun batu ziren entzutera. “Pentsatzen genuen jende gehiago etorriko zela, hala ere, kantitatez motz geratu baginen ere, kalitatez oso aberatsa izan zen”, nabarmendu dute EUP irratikoek. Adin ezberdinetako jendea egon zela, eta eurek nahi zuten modura, EUP irratitik kanpoko jendea batu zela azpimarratu dute. Irratietan eta komunikabideetan emakumeen presentzia areagotzea baizik, kontzientzia feminista sortzea dela kontua ondorioztatu zuten.
Gaueko kontzerkuak Plazabarripean. Argazkia: EUP irratia
21:00etan hasi ziren gaueko emanaldiekin. Loreak eta Nereak musikaz eta poesiaz betetako ikuskizuna eskaini zuten, eta ondoren afaltzera batu ziren 50 lagun inguru.
Kontzertuetan batu zen jende gehien. Uluka taldearen kontzertua arrakastatsua izan zen, eta jarraian jo zuten Xarpa taldekoek.