Bide ezberdinak, helburu bakarra
Hauteskundeetako kalenturak pasatzear gaudela, Lekittoko emakume feminista taldeak azken lau urteko egoera hausnartu nahi izan du.
2011. urtean udal gobernu berria sortu zenean batzordeak herrira zabaldu zituzten, horien artean berdintasunekoa. Lekittoko udalak gonbitea egin zigun herriko talde feminista aktibo bezala parte hartzeko. Hasieran, duda handiak genituen, batez ere, parte hartze instituzional horrek kaleko erritmo eta dinamikak zanpatuko zituelakoan. Hala ere, berdintasun batzordeko kide aktibo izatea erabaki genuen.
Denbora aurrera joan ahala, sintonia ona hartu eta Lekeitioko Udala eta Potxuak Martxanen arteko elkarlana erreala bilakatu zen. Bai erreala! Azken lau urteotan norantza berean indarrak batuta joan baikara. Esperientzia ona izan da herri mugimenduak eta herri udalak pertsonon askatasun eta eskubideen alde borrokatzea, batik bat, urteko egun deigarrietan izan dugun talde izaera.
Hots, inor zapaldu gabe bakoitza bere esparruan; udaletik eta herritik. Lankidetza honen adibide dira Martxoak 8, Azaroak 25, Ekainak 28 eta erailketa bakoitzaren erantzun bateratua. Gainera, gogoratzekoa da emakumeen inguruko ikerketa beka bat jarri genuela martxan. Baita, Lekeitioko anbulategiko ginekologia zerbitzuaren berreskurapenaren aldeko borraka ere; desagertzear zegoen zerbitzu honi udalak eta P.M-ek astindua eman eta bilera dezente egin ostean anbulategiko eta eskualdeko-galdakaoko zuzendariarekin, harremanetan jartzea lortu genuen. Kalean aldiz, herri eta eskualde mailako sinadura bilketari ekin genion. Elkarlan honen fruitua da Lekeitiarrok egun daukagun ginekologia zerbitzua.
Ildo berean, abortatzeko eskubidearen desinformazioaren aurrean, testuinguru berdinetan bildu ginen, Lekeitiarroi argi uzteko gure anbulategian abortoak gestionatzen direla. Honetarako, Udalak, P.M-ek eta Anbulategiak triptiko bat osatu genuen.
Lau urte hauetan ikusi eta frogatu dugu feminismoa udal gobernuan hautu politiko moduan posible dela. Are gehiago, udal politika feministak eta herri mugimendu feministak indar osagarri eta bateratzaileak direla, egingarriak eta egin beharrekoak.
Amaitzeko, esan behar dugu, udal gobernu honek gure errespetua irabazi duela, pertsona feminista ororen errespetua. Beste barik, eskerrik asko udal gobernu hau osatu duzuen pertsona guztioi. Batez ere zuri, eskerrik asko Maitane.
Eukene Elordieta Alzibar eta Nere Etxebarria Aizpuru. Potxuak Martxaneko kideak.