Azken lau urteetan Lekeitioko Udalak izan dituen lehentasunen artean hondakinen sorkuntzaren prebentzioa egon da. Hori dela eta, ekimen desberdinak jarri dituzte abian. Horien artean, Letraukua eta San Andres auzoetako auzokonpost guneak. Bi horietan, 120 etxe unitate dabiltza bere hondakinak ongarri bihurtzen. 40 famili hasi ziren Letraukuako proba pilotuan eta beraien esperientziatik beste 80 etxe animatu ziren bolondres proiektura. Herritarren harrera ona eta interesa ikusita, Lekeitioko Udalak auzokonpost gune berria jarriko du martxan Usotegiko parkean.
Auzokonposta egiteko batzarra Lekeition. Argazkia: Lekeitioko Udala
Horrez gain, etxean lorategia dutenek edo herrian ortua dutenek, autokonposta egiteko aukera izango dute. “Lur zati txiki bat eta mimo pitin bat besterik ez da behar. Horrela, konposta hori lorategi, baratza edota lorontzietan erabili daiteke, materia organiko hori ziklo naturalera bueltatuz, eta zabortegietara botatzen den hondakin kopurua nabarmen gutxituz”, azaldu dute. Jakitera eman dutenez, etxean konpostatzen dutenekĀ %40-50 gutxitzen dute hondakin sorrera.
“Martxoan, konpostajea arautzeko udal ordenantza onartu zen Bildu eta EAJren bozkekin, guzti horrek funtzionamendu egokia izan dezan eta, era berean, konpost eginez beren etxeetako biohondakinak kudeatzeko prest dauden herritarren eskubideak eta betebeharrak arautzeko” gogora ekarri dute.
Izena emateko epea zabalik dago. Horretarako udaletxera bertaratu daiteke edo 94-603 41 00 telefono zenbakira deitu. Parte hartzen dutenak konpostajea egiteko beharrezkoa den guztia jasoko dute.
“Kontutan izanda, Lekeition, azken urteetan hondakinen kudeaketan eta kontzientziazioan eman diren urratsak eta gai honek herritarren artean izan duen onarpena, espero dugu hurrengo udal-gobernuak bide honetan lan egiten jarraitzea. Izan ere, gai honen garrantzia dela eta, bere presentzia gero eta handiago da alor desberdinetako Plan eta Programetan”. Horrela, Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri duen Klima Aldaketaren aurkako Euskadiko Estrategiaren 9 jomugak aitatu dituzzte. “6. jomuga: Hiri-hondakinen sorrera murriztea eta zero isuria lortzea trataerarik gabe. Jarduera-ildoak: Hiri-hondakinen sorrera murriztea. Bilketaren eta gaikako bereizketaren ratioak areagotzea eta ondoren berrerabiltzea, birziklatzea eta balorizatzea”.