Eraginkortasun energetikoaren inguruan herritarrak informatu eta sentsibilizatzeko helburuarekin,
Debabarrenean energia aurreztuz programa jarri du abian
Debegesak. “Programa honek energiaren aurrezpena eta eraginkortasun energetikoaren inguruan agente sozial ezberdinak zein herritarrak informatu eta sentsibilizatzea du helburu, energiaren erabilera eraginkor bat lortzeko hainbat neurri eta oinarrizko aholkuak proposatuz, eta onura ekonomikoak eta ingurumenekoak ahalbidetuz”.
Egitasmo honen baitan, Debabarreneko zortzi udalerrietan informazio puntuak ipiniko dira herritarrei etxeko faktura elektrikoa ulertzen lagundu eta etxean aurrezteko aholkuak emateko.
Mutrikuren kasuan, ekainaren 17an Debegesako bi teknikari zeregin horretan laguntzen ariko dira, Konde kaleko bulegoan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Herritarrez gain, zerbitzua enpresa industrialetara ere zabalduko dela iragarri du Debegesak, “berokuntza, klimatizazioa eta argiteria sistemetan aurrezteko jarraibideak emateko” helburuarekin. Programan parte hartzen duten enpresetara bisitak egingo dira, eta era berean, bi saio praktiko ere egingo uztailean Debegesaren egoitzan (Eibarren). Bata, uztailaren 3an, argiteriari buruzko lan saioa, eta bestea, uztailaren 17an, berogailu eta hotz sistemari buruzkoa.
Parte hartzeko interesa duten enpresa industrialek ekainaren 19a baino lehen eman beharko dute izena. Informazio gehiago nahi duten interesatuek Debegesara deitu dezakete, 943-820 110 telefono zenbakira.