Lala Mujika: «Genero aniztasuna daukaten gazte guztiak ez dira transexualak»

Uxu Ondarroako emakumeen taldeak antolatuta, Lala Mujika Flores Aldarteko kideak gazteen genero aniztasuna eta trasexualitateari buruz berba egingo du bihar, 19:00etan, Etxelilan

Ondarroako Uxu emakumeen taldeak antolatuta eta Lala Mujika Flores Aldarteko kideak gidatuta, Menores transexuales; menores con genero flexible y creativo hitzaldia egongo da bihar, 19:00etan, Ondarroako Etxelilan. Hitzaldira herritar guztiak gonbidatu dituzte Uxuko ordezkariek.

Mujikaren arabera, askotan kontzeptuak ez dira ondo erabiltzen. «Gazteen arteko genero aniztasunari dagokionez, askotan transexualitateari buruz hitz egiten dugu, generoa zalantzan jartzen delako, baina izan liteke transexualitate gai bat ez izatea: transexualitatea aurrerago garatu ahal da, edo ez. Ez dugu hitz egin behar gazte transexualei buruz, baizik eta sexu eta genero aniztasuna duten gazteei buruz. Izan ere, genero aniztasuna duten gazte guztiak ez dute zertan transexualak izan behar».

Hori bai, gazte batek mota horretako zalantzak azaltzen dituenean, kasu egin behar zaiola dio Mujikak. «Lehenik eta behin kasu egin behar zaio. Eta gero egunerokotasunean jarraipen bat egin behar zaio».

Guraso askok, baina, psikologoarengana jotzen dutela dio Mujikak. «Ez dena egin behar da gaztea psikologo batengana eraman eta hark bere generoarekiko pertzepzioa indartzea; horrelakoetan, psikologikoki ez da ezer gertatzen. Gazteak behar duena babesa da, eta kasu egitea».

Beharrezko atentzio hori emateaz gain, gazte horiek inguru sendo bat ere behar dutela dio. «Errealitate hori bizi duen gazteak inguru sendoa behar du bestelako arazoei aurre egiteko, bullying-ari adibidez».

Egoera horretan dauden familiei Eusko Jaurlaritzaren Berdindu (944-23 72 96 - 665 73 44 28) zerbitzu publikora jotzeko gomendioa egiten die Mujikak. «Zerbitzu horretan gurasoei laguntza, azalpenak, tresnak... ematen zaizkie; beste guraso batzuekin ere harremanetan jartzen dira, eta modu bateratuan lan egiten dugu». Mujika bera, gainera, zerbitzu horretako arduraduna da.

Begirada atzera botata, azken bost urteetan aurrerapauso asko eman direla dio Mujikak. «Euskal hezkuntza sistemari dagokionez, gai hau oso ondo jorratzen da, ezin gara kexatu; ez dira hanka sartze handiak egiten, beste leku batzuetan modura». Dena dela, jendarte mailan gaia «asko hobetu» bada ere, oraindik egiteko asko dagoela dio. «Oso zabalduta egongo balitz, bihar Ondarroan eskainiko dudan hitzaldia moduko saioak ez lirateke egingo».
Ez dago iruzkinik

Send this to friend