Azaro Fundazioak eta Leartibai Garapen Agentziak antolatuta, Enpresa Proiektu Lehiaketako sariak banatu dituzte Ondarroan. Zehatz esanda, azken urtean eskualdean enpresa berri bat martxan jarri dutenen edota martxan jartzeko asmoa duten ekintzaileen artean banatu dira sariak.
Enpresa proiektu lehiaketako saridunak
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, 24 enpresa proiektu aurkeztu dira aurten lehiaketara, eta horien artean irabazleak hautatzea “ez da lan erraza” izan. Guztira, hiru modalitatetan banatuta, 6.500 euro banatu dituzte gaur [ekainak 16] Alamedan egindako ekitaldian. Sari ekonomikoak enpresa eta zerbitzu hasi berriei “bultzada” bat emango diela gogoratu dute sariketaren antolatzaileek.
Gau Argi tabernako eta Klin garbiketak enpresako kideak sariagaz
Merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresen saria banatu dute lehendabizi. Modalitate horretara aurkeztu diren hamabi lanen artean balorazioa egin ostean, saria biri banatzea erabaki du epaimahaiak. Ondarroako Klin garbiketak eta Gau Argi tabernak 750 euroko txeke bana jaso dituzte.
Almike San Millan Klin garbiketak enpresa hasiberriko arduradunaren esanetan, familia modura euren beharrizan bati erantzuna emateko garaian sortu zitzaien enpresa sortzeko ideia. Zerbitzuak irekita daraman hiru hilabetetan erantzun oso ona izan dutela nabarmendu du San Millanek.
Asset management zerbitzu enpresako kidea saria jasotzen
Oinarri teknologiko berritzailea duten enpresa industrial eta zerbitzuetako modalitatean, berriz, irabazle bakarra egon da. Asset management enpresak 2.500 euroko txekea jaso du. Enpresak, besteak beste, enpresen aktiboak optimizatzen laguntzeko balio duen Kipula deritzon softwarea sortu du.
Arrigorri ostatua eta Mecanizados Bixok kooperatibetako kideak
Azkenik, Kooperatiba izaera juridikoa duten enpresen artean beste 2.500 euroko sari bat banatu da. Saria banatzerako orduan, ostera, epaimahaiak erabakitzeko orduan gaitz izan duela azpimarratu dute. “Aurkeztu diren proiektu guztiak oso garrantzitsuak izan dira, eta hori dela eta, bi proiekturen artean erabaki da 2.500 euroko saria banatzea”. Arrigorri ostatuko eta Mecanizados Bixok kooperatibako kideek 1.250 eurona jaso dituzte.
Sari banaketa egiteaz gain, goiz osoan, enpresa eta ekintzaile berriek beraien produktu eta zerbitzuak aurkezteko aukera izan dute, Alamedan egin den Enpresa berrien III. Azokan. Guztira, 18 ekintzailek euren proiektuak bertatik bertara herritarrei plazaratzeko eta erakusteko eta kalera ateratzeko aukera izan dute. Ekintzailetasuna zer den eta horrek zer suposatzen duen erakusteaz gain, enpresa guztiek elkar ezagutzeko aukera ere izan dute.
Bertan izan diren enpresei esperientzia asko gustatu zaie, eta askorek euren enpresak ezagutara emateko aukera on modura ikusi dute Ekintzailearen Eguna. “Erakusleiho polita da”, zioen ekintzaileetako batek.
Alamedara hurbiltzen diren herritarrek bertatik bertara ezagutu nahi izan dituzte ekintzaile berrien proiektuak
Alamedara hurreratu den jendeak interes handia jarri du, eta bateko zein besteko enpresen erakusmahaietara hurreratu dira bakoitzak zer eskaintzen duen ezagutzera. Denetariko zerbitzuak ezagutzeko aukera izan dute: norbere irudiaren inguruko aholkularitza, ortuaria produktu latino-amerikarrak, artisaua, garbitegi zerbitzua, software librea, hizkuntza zerbitzuak, fruitategia, pintaketa zerbitzuak, ostatua, baserriko ogia, aterpetxea, 3D inprimatzea, ahuntz gazta eta galtzerdi saltzailea, esate baterako. Horien artean, gainera, iazko IXI egurrezko betaurrekoak sortzen dituzten enpresako kideak ere egon dira.
Erakusmahai guztien artean, beharbada, jende gehien erakarri duena proiektua hiru dimentsiotako inpresora izan da. Ideia berritzailea jendeari asko gustatu zaio. Azoka ireki denez geroztik, martxan egon da makina eta bukatu orduko, mosketoi bat egin du. Leartikerreko kideen arabera, norberaren gustuko piezak sortu daitezke inpresora berezi horien bidez. Abantailen artean, pieza bakarrak edo sorta txikiak egin behar direnean kostuak merketzea dakar.
‘Photocall’ zerbitzuaren sortzaileak
Photocall delakoaren ere, parte hartzaileek zein herritarrek argazki bat ateratzeko aukera ere izan dute. Ez da izan ohiko photocall-a, hain zuzen ere, Tartalo deritzon makina norberak jarri zezakeen martxan, eta argazkia ateratzeko lurrean zegoen botoi bat zanpatu behar zen. Web garapenean aritzen diren kideek makina gaurko ekitaldirako propio sortu dutela iragarri dute.
Enpresa bakoitzak zer egiten duen ezagutzeaz gain, egin zeure kabuz edo maker mugimenduari buruz ere berba egiteko aukera ere egon da, eguerdian egindako mahainguru berezian. Horren inguruan berbetan Josu Goikoetxea Leartiker zentroko kidea eta Karim Asry Espacio Openeko kidea aritu dira.
Maker mugimenduari buruzko berbaldia
Bi adituek, besteak beste, teknologia izan dute hizpide nagusi. Asry-ren iritziz, teknologiaren laguntzarekin gastuak, oro har, asko merketu ahal izango dira etorkizunean. Hiru dimentsiotako inpresorak horren adibide jarri ditu. “Inpresora hauekin etorkizunean inkubagailuak egin ahal izango dira, gaur eguneko kostuaren %3an”.
Josu Goikoetxea Leartikerreko kideak inpresora horiekin ari da lanean azkenaldian, eta horren inguruko azalpen zehatzagoak eman ditu. Goikoetxearen esanetan, teknologia berri horiek jendearen gero eta eskurago daude.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.