Mendi eskian lehiatzen berandu hasi baldin bada ere, azken urteotan zeresan handi eman du Nahia Quincoces Altunak (Mendexa, 1983). Mailarik gorenean lehiatzeko aukera izan du aurten, eta emaitza ezinhobeak lortu ditu; Munduko kopako sailkapen orokorrean zazpigarren doa, eta federazioka kontutan hartzen den iraupen sariketan, ostera, hirugarren amaitu du. Eskian ez eze, hainbat mendi lasterketa esanguratsuetan emaitza onak lortu ditu.
Sekulako denboraldia egin duzu. Zer balorazio egiten duzu?
Horrelako esperientzia bizi eta oso gustuko dudan kirolean horrelako mailan lehiatzeko aukera izan dudalako, pozik nago.
Denboraldi hasieran horrelako ona izango zenik uste zenuen?
Egia esan, denboraldi hasieran ez nekien zer egingo nuen ere. Denboraldia aurrera joan ahala eman didate lasterketetan parte hartzeko aukera. Hain zuzen ere, nahi izan ditudan lasterketetan parte hartzeko aukera izan dut.
Hainbeste lasterketa egingo zenituela espero zenuen?
Ez nuen espero. Horretaz arduratu direnek ez zidaten esaten ezer argirik esaten, azken momentura arte. Denboraldia aurrera joan ahala argitu da hori guztia.
Emaitzak gainera bikainak izan dira, ezta?
Bikainak, beharbada, gehiegitxo esatea da. Pozik geratu naiz lortu ditudan emaitzekin.
Iaz ere mailan onean aritu ziren, baina ez zenuen nazioarteko txapelketetan parte hartu, ezta?
Iaz ez nuen nazioarteko lasterketak egiteko aukerarik eduki, aurten eduki dut beste maila baten parte hartzeko aukera. Egia esan, euskal selekzioaren, federakuntzaren eta babesleen laguntzarik gabe hau guztia ez litzateke posible izango. Azkenean, horren guztien laguntzarekin beti ere errazagoa da.
Horien guztien laguntzarik gabe orduan, aurtengoa lortzea ezinezkoa litzateke.
Maila honetan parte hartzeko, derrigorrean, federazio baten babespean egon behar da.
Munduko kopako proba denetan maila ona erakutsi duzu. Proba guztiak kontutan hartuta, zazpigarren amaitu duzu. Zein probatan ibili zara ondoen?
Normalean, lehen hamarren bueltan sailkatzea lortu dut. Distantzia laburretan, ostera, atzerago ibili naiz, ez da nire berezitasunetako bat. Lasterketa bertikaletan eta banakakoetan hobeto ibili naiz.
Distantzia luzean ondo moldatu zarela dirudi. Federazioka egiten den sailkapen nagusian brontzea lortuta etxeratu zara.
Distantzia luzeetako lasterketak nire gustukoagoak dira, eta hobeto moldatu naiz. Beste kide batzuekin aritzea polita izan da. Aurten gainera, Pierra Mentan parte hartzeko aukera ezinhobea izan dut.
Pierra Mentako lasterketara iaz ere ailegatu zinen, baina ez zenuen parte hartzeko aukerarik izan, ezta?
Ez nuen lortu dortsalik. Horrez gainera, ez nuen ezta parte hartzeko bikoterik, eta ezinezkoa izan zen. Aurten bai, aurten arantza hori kentzeko aukera izan dut.
Nolakoa izan da esperientzia?
Beti eduki izan dudan amets hori egi bihurtu da. Lehen posible ere ez nuena ikusten egiteko aukera izateak, asko asebete nau. Lasterketa berezia da, nekazari eta abeltzain bailara txiki batetik igarotzen da lasterketa, eta hango herritarrek mendiko eskia zelan bizi duten ikustea ikusgarria da.
Beste hainbat lasterketa ezagunetan ere parte hartu duzu. Zein izan da bereziki gustatu zaizuna?
Mezzalama, beharbada, inoiz egin dudanik politena izanda. Hotz handia ari bazuen ere, izugarria izan zen.
Luzeena eta gogorrena izan da, ezta?
Luzea eta gogorra izan baldin bada ere, aldi berean polita izan da hirunaka bertan parte hartzea. Glaziar artetik ibili gara, Italiako toki zoragarri batean barrena.
Munduko kopagaz gain, Mundialean ere parte hartzeko aukera izan duzu.
Mundiala ere polita izan zen. Astebetean hainbat lasterketetan parte hartzeko aukera izan nuen, eta familia ere bertan izan nuen animatzen. Ondo pasatu nuen, hala ere, lasterketa modura, Pierra Menta eta Mezzalama gehien gustatu zaizkidanak izan dira.
Nahia Quincoces (eskuman) Marta Garciagaz batera, Pierra Mentan. Argazkia: Pierramenta.com
Denboraldia amaituta, lasai hartu eta atseden hartzeko garaia ere izango da, ezta?
Bai. Atseden hartu eta lasai egoteko banuen gogoa. Ordu luzeko bidaiak egin behar izan ditut, eta hori oso neketsua izan da.
Garai honetan mendi lasterketak ere gehiagotzen ari dira. Aurten ere korrika ikusiko zaitugu?
Asmoa badut, baina oraindik ez dut erabaki zeintzuk egingo ditudan. Udazkenean bateren batzuk egingo ditudala uste dut. Anbotokoa, Karakatekoa, Beriaingoa, eta, beharbada, Idiazabalgoa moduko lasterketa luzeagoren bat ere egingo ditut, baina hori aurrerago erabakiko dut, dudan denbora librearen arabera.
Mendi eskian egiten dituzun igoera bertikalek eta mendi lasterketek itxura dute, ezta?
Bai, kronoigoerek eta mendi eskiko igoera bertikalek itxura handia dute. Egia esan, mendiko lasterketak neguan sasoiko egoteko aitzakia dira. Denak ere, prestaketa lanetan asko laguntzen du.
Anbotoko kilometro bertikala eta gero. Argazkia: Ale Goikoetxea
Mendi eskian zabiltzanetik hasi zinen orduan.
Beti kirol munduan sartuta ibili naiz, eta korrika egitea oso gustuko dut. Lasterketa munduan, ordea, eski taldeko kideek bultzatuta hasi nintzen. Taldeko kideok entrenatzeko ideia ona zela erabaki genuen. Mendi lasterketak egiten hasi nintzenez geroztik, gogoko lehia bihurtu dira.
Iaz, esaterako, hainbat lasterketetan parte hartu eta emaitza onak lortu zenituen. Horiek guztietatik egin zizun ilusio gehien?
Anbotok ilusio handia egin zidan, eta Gorbeako lasterketan ere oso ondo pasatu nuen. Luzea, baina polita izan zen.