Barikuan [ekainak 26] jokatuko dira Gipuzkoako Herriarteko zesta-puntako finalak. 19:30ean hasita, finalak hiru mailatan jokatuko dituzte Miruaitz frontoian: kadete, gazte eta nagusi mailan. Hiru partidatik gutxienez bi irabazten dituenak irabaziko du aurtengo herriarteko txapelketa.
Mutrikuko
Danok Bat pelotazale elkarteko puntistek Zumaia izango dute aurkari finalean. Mutrikuarrek adierazi dutenez gainera, aurkaria nahikoa ezaguna dute. Biak ala biak, maila onean dabiltza eta hainbat final jokatu dituzte euren artean. Gipuzkoako Herriarteko azken hiru finalak, esate baterako, euren aurka jokatu dituzte.
Jon Goenaga eta Aitor Andonegi, Jon Mendizabalekin batera. Argazkia: Danok Bat
Aurten gainera, finala berezia izango da mutrikuarrentzat, etxean jokatuko dute eta. Txapelketari dagokionez, mutrikuarrek irabazteko aukerekin ikusten dute euren burua. “Txapelketa irabazteko faborito gara. Azken hiru finaletatik bi geuk lortu ditugu, eta aurten hirugarren txapela eskuratzea nahiko genuke”.
Partidei dagokionez, jokatzen lehenak kadeteak izango dira. Ekaitz Mendizabal eta Mikel Manzisidor Zumaiako bikoteari irabazten ahaleginduko dira. Horien atzetik, gazteen partida jokatuko da. Zumaiarren aurkako partidan Jon Goenagak eta Aitor Andonegik ordezkatuko dituzte mutrikuarrak. Azkenik, nagusien finala izango da. Jon Mendizabal
Goxerri eta Iker Barrenetxea bikote zumaiarra mendean hartzen ahaleginduko dira.
Mikel Manzisidor eta Ekaitz Mendizabal
Urte bukaerako jaialdia
Danok Batek jakitera eman duenez, gainera, uztailaren 4an egingo da urte bukaerako jaialdia. Bertan parte hartu nahi dutenek ekainaren 28a [domeka] aurretik eman beharko dute izena, frontoian bertan jarrita dagoen orrian.