Asier Illarramendi Real Madrileko jokalari mutrikuarrak antolatuta, haren izena daraman lehen futbol campusa egiten ari dira egunotan Mutrikun. Astelehenean [ekainak 22] hasita, bost egunez zer ikasia izango dute bertan parte hartzen ari diren gaztetxoek. Illarramendik berak nabarmendu duenez, ikasteko ez eze “gozatzeko” egunak ere izango dira. “Ni neu ere, eurekin batera gozatzen ari naiz”.
Futbolari ezaguna herrian bueltan izateak, gainera, ikusmira handia sortu du herritarren artean. Egunotan, San Migel futbol zelaira inguratu direnak asko izan dira, eta bertan zer gertatzen ari zen jakin nahi izan dute.
Illarramendi gaztetxoei aholkuak ematen
Herrian egun batzuk egotea eta bere lehen partidak jokatu eta jokalari modura hazi zen futbol zelaira bueltatzea ederra izan dela ere azpimarratu du jokalariak. “Hementxe hasi nintzen ni neu ere, eta egunotan dakiten guztia irakasten saiatuko gara”.
Denetara, 8 eta 12 urte bitarteko 72 neska-mutil dabiltza egunotan San Migel zelaian entrenatzen. Gehienak mutrikuarrak baldin badira ere, tartean inguruko herrietako jendea ere parte hartzen ari da: Ondarroakoak eta Berriatukoak, esate baterako. Denak ere, pozik ari dira Illarramendi moduko futbol izar batekin eta bere lantaldearekin batera ikasten. Besteak beste, futbol teknika aldetik hobetzeko aukera emango die Campusak, baina guztiaren gainetik taldean jokatzen eta elkar errespetatzen ikasiko dute.
Gaztetxoak futbolin erraldoian jolasten
Jolasen bitartez, egunero 09:30etik 18:00etara, kirola egiteko aitzakia perfektua dute campusean parte hartzen ari diren gaztetxoek. Hain zuzen ere, jokalari profesionalek egiten duten bizimodua hurbiletik ezagutzen ari dira. Egunero, lau taldetan banatuta, bina entrenamendu egiten dituzte, erdiratzeak eta baloiaren jabetzea moduko teknikak hobeto ezagutzeko. Horrez gain, elkarren aurka partida motzak ere jokatzen dituzte.
Eguerdiko etenaldian, ordea, hitzaldiak ere izaten dituzte aukeran. Elikadura, lehen sorospenak edota birziklapenari buruz sakontzen aritu dira bazkalosteetan.
Arku tiroan jolasten diana berezia izan dute: Illarramendi bera
Gaur [ekainak 24], aldiz, jardunaldi berezia egin dute. Ohiko entrenamenduez gain, beste joko batzuetan aritu dira. Futbolin erraldoi batetan edota arku tiroan aritu dira goizean. Ondo pasatzeko aukera izan dute, baita Illarramendi berak ere, eurekin batera aritu baita jolasean. Arku tiroan, esaterako, diana berezia izan dute: jokalari mutrikuarra.
[nggallery ID=259]