Kale-antzerki berriaren alde egingo zutela agindu zuten, eta horren emaitza 26. edizioa izango da. Atzo aurkeztu zuten Bilbon, 26. Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia, eta aurtengo jaialdiak haize berriak dakartzala agerian utzi zuten Imanol Agirre jaialdiaren zuzendari artistikoak, Kukai Dantza konpiniako Jon Mayak eta Arropaineko Arragua proiektuko Maider Illanak eta Mikel Garciak. Eurekin batera egon ziren aurkezpenean Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia antolatzen duen Lekeitioko Udaleko alkatea Koldo Goitia eta jaialdia babesten duen Bizkaiko Foru Aldundiko zuzendari kudeatzailea Asier Madarieta.
Lekeitioko 26. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren aurkezpena, Bilbon. Argazkia: Lekeitioko Udala
«Lekeitio izan zen aurreneko portua euskal kale-antzerkigintza garaikidearen historian eta urtez urte aritu gara sormen eremu hau berritzen», gogora ekarri zuten. Berritzaile jarrera horren adierazpen arteza Lekeitiok martxan jarri dituen ekoizpen propioak izan dira. Gaur arte 11 kale-antzerki propio sortu dituzte, eta aurtengo edizioak hamabigarrena dakar:
Kukaikaxa.
Kukai dantza konpainiagaz lan egin du jaialdiak
Kukaikaxa plazaratzeko. Lekeitioko esentzia darama elkarlanak. Izan ere, Kaxarranka eta emakumeen aurreskua dantza tradizionalak berritzen dituen gaurko kale-dantza ekoizpena dela azaldu dute.
Arropaineko Arragua
Sormen propioko ikuskizunagaz gain, Frantzia, Italia, Polonia eta Euskal Herriko kale artisten emanaldiak ikusteko aukera egongo da uztailaren 9tik 12ra. Hamabost emanaldi izango dira guztira, plazan, portuan, Abaroa parkean eta Lekeitioko kaleetan barrena gozatu ahalko direnak.
Espazio berri bat ere zabalduko da Arropainen. Herriaren sarreran, esperimentazio eta gaurko sormenerako espazio berri bat altxatu dute: Arragua, eta Arropaineko Arraguak Jaialdiagaz bat egin du. Horrela, lau sormen ez ohiko eta harrigarri eskainiko dituzte: Turukutuparen El paseo de Criku; Archipielen Music Forum; Izaskun Lapazaren Ehundurak eta Antonio Remachadoren bakarrizketa.
Abaroa, clownen parkea
Lekeitioko nazioarteko jaialdiak hamaika eszenografia erabili ditu historian zehar: hondartzak, zerua, plazak, kaleak, portua, itsasoa… Aurten antzezleku berri bat irekiko dute: Abaroa Parkea. Herriaren bihotzean gorderik egon den lorategiak kale-antzerkia eskainiko du aurtengo edizioan. Bi clown kokatu dituzte berdegunean: Ola Muchin poloniarra eta Mac Fois italiarra. Ola Muchinek kale-txotxongiloak maisuki erabiltzen ditu, Mc Fois bestalde, clown garaikidea da eta saritua izan da hainbat jaialditan.
Plaza erdian kokatuko da bestalde, Frantziatik datorren haize berria. Barolosolo zirku artea berritu duen talde frantziarra da. Ura eta musika elementuak erabiltzen dituen bi artista-musikari dira. «Eta sormen ikusgarria plazaratzen dute:
Ile O.
Barolosolo zirku artea berritu duen talde frantziarrak ura eta musika erabiliko ditu antzezpenean.
Lekeition ezagun-ezagunak diren deabruek su txinpartak aterako dituzte berriz ere. Mediterraneoko su usadio ikusgarria sarritan egon da Lekeitioko kaleetan. Aurten, Kataluniako talde bategaz ariko dira Lekeitioko deabruak.
Foc ta Su izendatu dute zapatuan kaleak hartuko dituen su ikuskizun bikoitza. Lehen ikuskizuna Isuntza hondartzan hasiko da, bigarrena Tinglaoan hasiko du Tarragonako La Palme d’Ebre herriko taldeak.
Danborren hotsa eta probokazioa nagusi izango dira bariku gauean
Pshyco clown kale lanagaz. «Zo Zongo talde gipuzkoarraren musikariak perkusioaren maisuak dira. Estetika, berriz, clown beldurgarrien bidetik abiatzen da», azaldu dute.
Markeliñe
Beste alde batetik, gerra baten ondorioak izan daitezkeen irudiak dakartza
Andante ikuskizunak. Markeliñe eskarmentu handiko taldearen azken sormena da bera. «Lan saritu honek sentimenduekin egina dago. Lan serio eta sakona da. Hausnarketa eta omenaldi izan nahi duen kalejira. Triskantzaren aurkako oihu teatrala».
Ikuslea ere aktore bihurtuko du Zanguango taldeak.
Flujos ikuskizuna alfombra gorri baten gainean gertatzen da. Oinezkoak bertatik paseatzen dira nahi gabe edo nahita aktore bihurtuz.
EGITARAUA