Zaldupe eskolako teilatua eta inguruak konpontzen hasi dira
Ondarroako udal ordezkariek jakitera eman dutenez, hainbat konponketa egingo dituzte Zaldupe eskolan. Uda sasoian eskolarik ez dagoela aprobetxatuta, teilatua eta inguruak konponduko dituzte.Herenegun hasi zituzten lanak, eta abuztua amaierarako amaitu...
Herenegun hasi zituzten lanak, eta abuztua amaierarako amaituta egotea espero dute udal ordezkariek. «Irailean eskolak hasi aurretik dena prest egotea nahi dugu. Ikastetxearen funtzionamenduan ahalik-eta gutxien eragitea da gure asmoa».
Eraikin nagusiko teilatua oso-osorik aldatuko dute, eta berriagoa den zatietan hainbat konponketa egingo dituzte. «Eraikin nagusiko teilatuaren zati bat aztertu ostean, dena oso egoera txarrean zegoela ikusi genuen, eta, hortaz, goitik behera aldatuko dugu. Aparejadoreak proiektua idazten ari zirela, gainera, ikastetxeko irakasleek eraikin berriko hainbat lekuetan ere arazoak zeudela adierazi zieten. Horrenbestez, eraikin berriko teilatuan ere konponketak egingo dira».
Espaloia eta itxitura ere bai
Teilatuaz gain, beste hainbat behar ere egingo dira datozen bi hilabeteetan. Teilatuagaz batera haren aileroia eta sarrerako espaloia berrituko dituzte. Sarrera, esaterako, asfaltatu egingo dute. Guztira, 60 metro koadro berrituko dira.
Bestalde, datozen hilabeteetan beste hobekuntza bat egitea aurreikusten da. Ikasturtea hastean jolastokiko zati bat itxiko dute. «Haizea eta euria dagoen egunetan jolastokian arazoak egoten direla aipatu digute. Horiek saihesteko itxitura bat jarriko da».
Aurrekontuari dagokionez, 141.000 euro inbertituko dira teilatua, aileroia eta sarrera berritzen eta 20.000 euro itxitura egiten.