'Gatza eta Piperra' egitasmoak badu irabazlea
Bai txo! elkarteko kideek aukeratu dute jada, zozketa bidez, Mutrikuko hitz eta esaera bitxien bilketako irabazlea. Nerea Arrizabalagak jaso du Gatza eta Piperra ekimeneko irabazleari dagozkion gatz poto eta piper sorta. Sari horrez gain, Arrizabalagak...
Maiatzaren hirugarren astean jarri zuten ekimena martxan herriko euskara elkarteko kideek. Euren helburua garbia zen; herriko hizkerari «gatza eta piperra» ematen dioten hitzak eta esaerak bildu nahi zituzten, eta aldi berean, mutrikuarrak «herriko hizkeraren altxorrera begira» jarri.
Hurrengo urteetan gehiago
Egitasmoa amaituta, balorazio «ezin positiboagoa» egin dute elkarteko kideek. «Eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei jaso ditugun ehundik gora ekarpenengatik. Horrez gain, azpimarragarria iruditzen zaigu parte hartu duen jendearen izaera anitza ere: gaiarekiko urrunago zein hurbilago, herritarrengana zabaltzeko aukera ederra izan delakoan gaude».
Antolatzaileak, gainera, «herrian zuku gehiago» atera daitekeelakoan daude, eta ez dute baztertzen hurrengo urteetan antzeko ekimen gehiago antolatzea. «Helburua herritarren ekarpenekin osatuko den herri hizkerako harribitxien corpusa osatzea izango da, eta hori mutrikuarrei zein beste herrietakoei zabalduta egongo da, noski».
Jaso dituzten datuak herriaren eskuragarri jartzeko modurik egokiena zein den erabaki bitartean, Bai txo! elkarteko kideak hasita daude hitz eta esaerak txukuntzen.