Emanaldia 11:00etan hasiko da, Goiko Plazan. Denaren gainetik, joko dituzten piezak «guztiz dantzagarriak» izango direla azaldu du Karlos Eskudero Mutrikuko Udal Musika bandako zuzendariak.
Musika latinoa, funky eta pop estilokoak… Horiexek osatuko dute Mutrikuko musikariek bihar eskainiko duten kontzertuko errepertorioa. «Jendeak dantzan egin ahalko du; abesti modernoak izango dira».
Mutrikuko Udal Musika Banda, Malen Eguneko emanaldian
Horrela, Nino Bravo eta beste musikari askoren abestiak aireratuko dituzte Goiko Plazan.
Emanaldiak, gutxi gorabehera, ordu bat iraungo duela aurreratu du Eskuderok.
Aste osoan gogotik entsegatzen ibili eta gero, denaren gainetik, herritarrek emanaldiagaz gozatzea nahi dute musikariek.
Guztira, 35 musikarik parte hartuko dute ikuskizunean. «Oraingoan ez da abesbatzarik egongo. Ezta ere dantzaririk. Gu egongo gara bakarrik». Horrela ba, protagonistak musikariak eurak izango dira.
Ez da estreinako aldia tankera horretako emanaldia eskaintzen dutena. «Duela urte batzuk ere horrelako zer edo zer egin genuen. Eta orain arte eskaini izan ditugun emanaldietan ere musika dantzagarria eskaini izan dugu. Agustin Arrietarekin ere bai. Oraingoan, baina, abesti denak izango dira horrelakoak».
Behin biharko emanaldia eskaini eta gero, hurrengo hitzordua Gure Ametsa dantza taldearen 50. urteurreneko jaian (uztailak 11) edukiko dutela aurreratu du Eskuderok. «Horretan ere parte hartuko dugu. Eta behin hori eginda, malenetara jauzi egingo dugu». Malenetan, hain zuzen ere, hainbat hitzordu edukiko dituzte.
Osagarri horiekin guztiekin, herritarrei biharko emanaldia ikustera gerturatzeko, eskaintzen duten abestiekin gozatzeko eta dantza egiteko gonbidapena luzatu nahi izan die Mutrikuko Udal Musika Bandak. «Eguraldi onagaz, emanaldi polit eta dantzagarri batekin gozatu ahalko dute herritarrek».