Igerian, korrika eta bizikletan ibili ziren 7tik 16 urtera arteko triatletak Markina-Xemeingo Atxondo kiroldegiaren inguruan domeka goizean. Eguraldia lagun, “gustura” ibili ziren kirolariak.
Adinaren arabera banatu zituen probak Markina-Xemeingo Alarabi Triatloi Taldeak. Denetara, bederatzi txanda egin zituzten txikienetik hasi eta naguseienera arte.
Gazteak VII. Triatloi txikian parte hartzen. Argazkia: Alarabi Triatloi Taldea
Hasteko, kiroldegi barruko igerilekuan egin zuten igerian parte hartzaileek, eta ondoren, kanpoko zelaian bizikletak hartuta buelta ematen zuten inguruetan zehar. Bizikletak berriro ere zelaian utzita, korrikan egin zuten probako azken txanpa.
Parte hartzaile gehienak Markina-Xemein eta ingurukoak izan baziren ere, Donostia, Sopuerta eta Durangoko kirolariak ere batu ziren Markina-Xemeingo Triatloi Txikian.
Kirol jardunaldi osoa ondo joan zela jakitera eman dute antolatzaileek, eta ez zela egon istripurik.
Gazteak kiroldegi ondoko boxetan kirol aldaketa egiten. Argazkia: Alarabi Triatloi Taldea
Urtero modura, proba amaitutakoan, parte hartzaile guztiek jaso zuten merezitako saria.