Urtero modura, jende asko batu zen domekan, Markina-Xemeingo San Martin auzoan, jadanik urteroko hitzordu bihurtu den dantza solte txapelketa ikusteko. Bizkaiko eta Gipuzkoako maila handiko dantzariek hartu zuten parte, oraingoan ere.
Dantza Solte txapelketako irabazleak dantzan oholtza gainean.
Sei bikote igo ziren San Martin ermitaren ondoko landako oholtza gainera, eta Mirari Azkune eta Zaloa Zenarruzabietak jo zieten arin-arina eta fandangoa dantzatu zuten. Sari nagusia, Azpeitiara eraman zuten Amets Amubietak eta Larraitz LarraƱagak. Bigarren berriz, Irura eta Pasaiako xabier Artola eta Idoia Besada geratu ziren, eta hirugarren saria Urnieta eta Villabonako Aitor Gartziari eta Oihane Aiestaraneri eman zion hiru adituk osatutako epaimahaiak: Ander Garitaonaindia, Carlos Sarriegi eta Naikari Bizuete.
Lehiaketako dantzariak ez ziren izan baina, zelaian dantzan egin zuten bakarrak, meza ostean ohiturazko aurreskua dantzatu zuten eta auzokoek, dotore-dotore. Gainera, dantzariekin batera dantzan egin eta ikasteko aukera ere egon zen lehiaketaren epaia erabaki bitartean.
Egun osoko jaia
Egunpasa egiteko egun aproposa izaten da San Martin. Horrela asko izaten dira paellak egin eta bazkaltzera geratzen direnak. Ermitaren inguruan prestatu zuten jana koadrilek eta ez zitzaien ezelakorik falta izan. Musika ere eduki zuten. Garikoitz Salcedo eta Amaia Ezenarrok girotu zuten eguna.
Bazkalostean, nagusiek kartetan jolasten zuten bitartean, umeek jokoak eduki zituzten, eta ondoren ikuskizuna, Martin Bertsogaz eta Tiritatxogaz.
Egunagaz amaitzeko, jaietako zozketa egin zuten. Zenbaki saritua 401 izan zen, eta San Martin Jaietako Batzordekoek azaldu dutenez bertan egunean saldu zen.
[nggallery ID=268]