Mendiola Racing klubeko pilotua eta kopilotua bolada ona izaten dabiltza eta horrela erakutsi zuten Etxebarria eta Elgoibar arteko rallysprintean ere. Norgehiagoka gogorra eduki zuten bigarren geratu ziren Enrique Barrenetxea-Arando eta Anartz Onaindiagaz, baina, azkenean, garaipena Durangaldera joan zen.
Hasieratik jarri ziren San Miguel Rallysprintaren buruan Olabegogeaskoetxea eta Narbaiza, eta bertan mantentzea lortu zuten. Azkenean, 8 segunduko aldea atera zieten bigarrenei.
XIII. San Miguel Rallysprinteko autoak Goiko Portalean. Argazkia: Josu Arrate
Joxe Francisco Labakak eta Aitor Otaegik osatu zuten podiuma. Aitor Saizar eta Iskander Kobeaga izan zituzten aurretik lehen tanda bietan, baina, Renault Clio Sport autoaren palierragaz arazoak eduki zituzten berriatuarrak eta gernikarrak eta hirugarren tanda hasteko aukerarik ere ez zuten eduki.
Laugarrenak, Iban Trasicio Fernandez eta Iñigo Peña izan ziren, eta Lea-Artibaiko Kastimparro Racing eskuderiako Garikoitz Lopez eta Urko Pagoaga bosgarren geratu ziren.
XIII. San Miguel Rallysprinteko irabazleak. Argazkia: Josu Arrate
51 autok parte hartu zuten azkenean, Hamaika Eskuderiak antolatutako proban, eta horietatik hogeik utzi egin behar izan zuten. Euren artean, Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola faboritoek. Lasterketa hasi berri, tarteko lehen igaroaldian matxura izan zuen BMW M3 autoak eta probatik kanpo geratu ziren.
Klaseka irabazleak hauek izan ziren:
- 6. klasean: Enrique Barrenetxea-Arando eta Anartz Onandia, Mitsubishi EVOI IX.
- 5. klasean: Iñigo Olabegogeaskoetxea eta Iñaki Narbaiza, BMW M3.
- 4. klasean: Aitor eta Inhar Hoyos, BMW M3.
- 3. klasean: Ibar Ruiperez eta Iker Arruabarrena, Peugeot 206 XS.
- 2. klasean: Garikoitz Lopez eta Urko Pagoaga, Citroën Saxo.
- 1. klasean: Ruben Gonzalez eta Jagoba Martinez, Peugeot 205 Rallye.
- 9. klasean: Enrike Saizar eta Julen Arantzeta, Ford Escort MKII.
Junior mailako onena: Andoni Zabala, Citroën Saxo VTS.