Mutrikuko Udal Musika Bandak hainbat kantu dantzagarri eskaini zituen zapatu [uztailak 4] gaueko kontzertuan. Urtero egin modura, udako kontzertu berezia eskaini zuten bandako musikariek Goiko Plazan batutako herritarren aurrean.
Bandaren udako kontzertua. Argazkia: Jose Angel Lizardi
Ordubete inguruko emanaldian, dantzara gonbidatzen zuten musika latinoa, funky eta pop estiloko errepertorio zabala eskaini zuten bandako 35 musikariek. Denak ere, XX. mendeko musika modernoa entzun ahal izan zuten musika zaleek. Horien artean, besteak beste, Nino Bravoren eta Mecanoren eta beste hainbat musikari ezagunen kantuak interpretatu zituzten bandako kideek.
Jende asko gerturatu zen kontzertua ikustera, eta oholtza aurrean ipinitako aulkiez gain, tabernetako aulkietan eta elizako eskaileretan ere jende asko batu zen. Denak ere, ikuskizuna gustura asko ikusi zuten, eta txalo artean hartu zituzten musikariek eskainitako piezak.