Eneko Arrate: Xemein
Nongoa naizen galdetu eta markina-xemeindarra naizela esaten diedanean, tonuagatik denek igartzen dute xemeindarra naizela edo behintzat aldarrikapen puntu bat baduela nire ahotsak. Urteak dira begiko mina ematen didala Markinako eskola publikoa, Markinako osasun etxea edo herri sarreretako Markina kartelak ikusteak. Gure herrira datozenei bi herrion arteko ezberdintasunak eta elkarguneak zeintzuk diren azaltzen saiatzen naiz. Bada garaia beraz, Xemeini buruz labur bada ere azalpen txiki bat komunikabideetan emateko.
1355.urtean Villaviciosa de Marquina sortu zuten Xemein eta Etxebarriko lurretan. Hiribildu jaioberria harresiz inguratu zuten eta hainbat auzo Markinako lurretara pasatu ziren. Hiribilduak sortzea estrategia politiko bikaina izan zen Castillako erregeen partetik, jauntxoen indarrak murriztu eta indartzen ari zen burgesiari pribilegioak emanaz. Historia ofizialak dio Gipuzkoatik zetozen lapurrengandik babesteko sortu zutela Markinako hiribildua, baina horren atzean estrategia politiko eta ekonomiko argiak zeuden (arrain komertzioa, burdinolen kontrola, herritarren kontrola…).
1952. urtera arte bi herri izan ziren Xemein eta Markina. frankismo garaian bi herriak elkartu egin zituzten, udaletxe, mujoi eta armarri. Elkartze denetan gertatzen den bezala, bat azpian geratzea oso erraza da. Arretxinagako plazan dagoen Xemeingo udaletxe zaharkituak erakusten du bigarren mailara azpiratu izan dela Xemein azken urte luzeetan. Zorionez, pixkanaka Xemeinen izena berriz mahai gainera ateratzea lortzen ari gara, komunikabide, mingain eta karteletan batez ere. Nik ez dut Xemeinen desanexioa aldarrikatzen, bere izana eta izatea aitortzea eta ezagutaraztea baino.
Markinako jaiak pasatu dira eta irailean izango ditugu Xemeingoak. Bi herri eder daude elkartuta eta biak maitatu behar ditugu, biak zaindu, biak gozatu eta batez ere, biak aipatu. 1952. urtean Xemein-Markina izendatu izan balute herri hau…