Etxeko laguntza zerbitzua hobetuko du Lekeitioko Udalak
La Caixako ekintza sozialeko “Laguntza Teknikoen Zerbitzua” deritzon programako dirulaguntza lortu dute eta horreri esker, “lekeitiarrei arreta hobetzeko baliabide tekniko egokiak erosteko aukera” izango dutela jakitera eman du udalak.
Etxeko Laguntza Zerbitzua dependentzia egoeran dauden pertsonei zuzenduta dago. “Etxean bertan laguntzen zaie, eta ahal den bitartean norberaren etxean bizitzen laguntzeko da, beren ohiko ingurunean iraun eta molda daitezen errazteko eta beren autonomia funtzionalaren murrizketa konpentsatzeko beren beregiko interbentzioak egiten dira”, azaldu dute. Zerbitzuak laguntza pertsonala, etxeko laguntza eta konpainia eskeintzen du.
48 pertsona laguntzen dituzte
Lekeitioko Udaleko Etxeko Laguntza Zerbitzuak dependentzia egoeran dauden 42 bizikidetza unitateri egiten dio arreta, zuzenean 48 pertsona atenditzen dituztelarik. Horietako 33 pertsonei dependentzia mailaren bat aitortu zaie.
“Dependentzia handiagoa duten kasuetan, beharrezkoa da Etxeko Laguntza Zerbitzua ematen duten langileek laguntza teknikoak izatea. Horregaitik, Lekeitioko Udalak “Laguntza Teknikoen Zerbitzua” deritzon programa landu du”, azaldu du udalak.
Zazpi udal langilek ematen dute Lekeition Lekeition etxeko laguntza zerbitzua, eta hauek ordeztu behar diren kasuetarako beste bi laguntzaile egoten dira.
La Caixak emandako diru laguntzagaz, 4.121,43 euro, hiru posizio dituzten ohe elektrikoak, bainuontzirako eserleku jasogailuak, ohe konoen jasogailuak, etxe barrurako ibilgailuak, manikurarako tresnak, transferentziazko disko birakariak eta oherako buru garbitzaileak erosiko ditu Lekeitioko Udalak.